Amaiera ikusgarria izango du 25. Musika Jaialdi arrakastatsuak
Bihar (asteazkena) amaituko da Conductus Emsembleren 'Dido & Eneas' opera lanarekin. Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan prestatutako ikuskizuna 22:00etan hasiko da Maria eta Jose ikastetxeko aretoan eta jaialdiaren edizio berezi honi amaiera bikaina emateko balioko du
Zumaiako Musika Jaialdiak mende laurdena betetzen zuela eta berezia izatea zen antolatzaileen asmoa, eta baita lortu ere. Krisi ekonomikoak ez zuen egitarau erakargarri bat sortzea ekidin eta publikoaren erantzuna ere ez da makala izan abuztuaren 1ean The Cherry Boppers taldeak kofradian jo zuenetik.
Hurrengo egunean adibidez, bere sorkuntzatik jaialdia aurrera eramaten lagundu dutenei omenaldi moduko bat egitea zen asmoa, eta San Pedro abesbatza eta Zumaiako Udal Musika Banda elkartu ziren Ondartxo plazan elkartu zen jendetzari kontzertu eder bat eskainiz.
Zumaiatik kanpoko hainbat kalitatezko artista ere aritu da Musika Jaialdian eta hauek ere ikus-entzule ugari izan dituzte inguruan. Iragan asteko ostegunean adibidez Txatarreria Keaton taldeak 150 pertsona inguru bildu zituen Aita Mari zineman, eta zer esanik ez Orfeoi Donostiarrak. Abesbatza garrantzitsu honek San Pedro parrokia goraino betetzea lortu zuen.
Opera ikuskizunarekin agurtu
Zumaia bezalako herrietan oso ohikoa ez den arren, opera bat izango da jaialdiari amaiera emango diona. Bihar gaueko 22:00etatik aurrera Conductus Emsembleren 'Dido & Eneas' lana izango da ikus-entzungai Maria eta Jose ikastetxeko aretoan.
Ahotsez eta instrumentuez osatutako talde hau 2002an sortu zuen Andoni Sierrak. Musika barrokoa bere garaiko izpirituarekin interpretatzea bilatzen du Alemaniako, Ingalaterrako eta Italiako errepertorioa joz, eta gainera, interes handiko lanak aztertu eta berreskuratzen dihardu.
Bestalde, Toulouse les Orgueseko Nazioarteko Jaialdian, UCMko Musika Zikloan, Euskalduna Jauregiko Organo Zikloan, Zenarruzako Antzinako Musika Jaialdian eta beste hainbat jaialdi eta ziklotan parte hartu du taldeak, beti ere entzuleen zein kritikarien babesa jasoz.



