Aniztasuna landuz herria aberasteko pardaidetza prozesua abian da
Zumaiarren jatorriaren mapa osatzeko ikerketa kuantitatiboa egin zen 2012an, horren ondoren, aurten, "Aniztasuna eta Elkarbizitza Zumaian: Diskurtsoak eta hautemateak' ikerteta egin da, herritarren ikuspuntua jasotzeko. Hemendik aurrera, herritarrekin bildu eta aniztasuna lantzeko pausoak emango dira. Urrian, adibidez, eragileekin hainbat saio egingo dira.
Gaur, urriak 2, aurkeztu dute Zumaiako Udalak eta Aztiker enpresak ‘Aniztasuna eta Elkarbizitza Zumaian: Diskurtsoak eta hautemateak’ ikerketa kualitatiboaren emaitza.
Ikerketa hau, ordea, egitasmo zabalago baitan dago kokatuta. 2012an, ‘Zumaiarren jaiotza lekuen mapa eta biztanleriaren bilakaera’ ikerketa kuantitatiboa egin zen. Ikerketa hartako datuetan azaldu bezala zumaiarrek 53 herri ezberdinetan baino gehiagotan dute jatorria eta aniztasun horrek aberasten du Zumaia.
Datuak eta herriko mapa eta bilakera aztertuta, bigarren pausoa egin berri den ikerketa kualitatiboa izan da. Hala ere, Maitane Agirre Aniztasun zinegotziak azaldu bezala, "ikerketa hauek aurrelan bat besterik ez dugu egin. Orain dator benetako lana, herritarrekin, arlo ezberdinetan aniztasuna lantzea”. Bide horretan, datuetatik haratago joan eta lanketa hasteko, norbanako eta eragileen arteko gaiaren hausnarketa bultzatzeko partaidetza prozesua abian da. Agirrek, ikerketan parte hartu dutenen prestutasuna eskertu nahi izan du: "Jendeak orohar egitasmoa ondo hartu du, hori eskertu behar dugu. Bestalde, hemendik aurrera ere bidelagun izatera animatu nahi ditugu, hemendik aurrerako lana baita anitzen sarea sortzea.
Ikerketa
Aztikerreko teknikari den Markel Ormazabalek azaldu bezala, urtarrila eta otsailean egin ziren 9 elkarrizketa irekiren datuak biltzen ditu ikerketak. Bertan, jatorri, kultura eta identitate ezberdineko zumaiarrek hartzen dute parte.
Herritarrak sailkatzeko ardatz ezberdinak erabili dira ikerketan: jatorri, kultura edota identitate aniztasuna, generoa, seme-alabarik ba duen.
Aniztasuna egoki kudeatzeko, beraz, zera behar da: eragile guztiek oinarrizko adostasun bat izan dezatela aniztasunaren fenomenoa kokatzeko orduan. Baina horretaz haratago, baita aniztasunaren elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako politikak sustatzea ere.
"Azterketa honen helburuak zeregin horietan kokatzen dira. Izan ere, aniztasunaren fenomenoaren inguruko oinarrizko adostasun hori sustatze aldera, zumaiarren diskurtsoak aztertuz, adostasun edo bat etortze horretarako aukerak eta oztopoak aztertu nahi dira. Eta, era berean, pertsonen eta kulturen elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako politikak bultzatzeko heldulekuak ere arakatu nahi dira, besteak beste", gaineratu du Ormazabalek.
Hiru diskurtso ezberdin ageri dira etorri berrien inguruan:
1. Ikuspegi zabala eta pertsonengan zentratua:
- Etorri berrien inguruan ikuspegi zabala dute, etorri da kanpotik datorren oro. Jatorria ez da epaitzen.
- Posizio honetan dauden pertsonak egonkortasun eta ziurtasun egoera batean daude, familiak edo lagunarteak babesten dituen testuinguru batean.
- Ezagutza minimo batetik abiatzen dira. Sentsibilitate eta enpatia bati esker, kontzientzia maila bat dute migratzeak duen gogortasunaren inguruan.
- Lan eskuaz gain herriari bestelako aberastasuna ekartzen diotela sentitzen dute. Aniztasuna positiboki baloratzen dute, batez ere, munduari irekitzeko aukera da.
2. Diskurtso indiferentea:
- Ez zaio aipamenik egiten migrazio prozesuak berak ekar dezakeen gogortasunari.
- Etorri berri pobrezia egoera batean eta motibazio ekonomikoak bultzatuta Euskal Herrira etorri den pertsona gisa ikusten da. Batez ere, egiten dituzten lan motak aportatzen dutela nabarmentzen da, balorazio moralik egin gabe.
- Anizatsun kulturala ez da ikusten ez mehatxu ez aukera gisa; hor kanpoan dagoen zerbait da, norberari askorik eragiten ez diona.
3. Mesfidantzatik eraikitako diskurtsoa:
- Etorri berria pobrezia egoera batean dagoen herrialde batetik datorren pertsona da.
- Euskal Herrian paradisuan balego bezala irudikatzen dute, eta haren mendekotasun egoera erabat ezkutatzen da.
- Etorri berriak dira dirua irabatzera datozenak, epe baterako eta integratzeko asmorik gabe. Ez zaiie atxikitzen bertako kulturan murgiltzeko inolako gogo eta asmorik.
- Aportatzen duten bakarra lan eskua da, aniztasunari ez zaio bestelako baliorik ematen.
- Etorri berriei begira eta ezberdintasunak soilik ikusten dira, konnotazio negatiboa duten ezberdintasunak. Hori dela eta, estereotipo negatiboak maiz irteten dira diskurtso honetan.
Herrian dagoen kultura aniztasuna pertsonalki eta kolektiboki aberasteko aukera bat da. Aukera hori baliatzeko kulturen arteko harremanak sustatu behar dira. Printzipioak honakoa izan behar du: berdintasuna bizitzeko, aniztasuna elkarbizitzeko.
Kulturartekotasun horretan euskarak eta euskal kulturak leku garrantzitsua dute, erdigunea esan daiteke. Etorri berriek eredu honekin bat egiteak baditu bere zailtasunak:
- Soilik interesa izango du integrazio kulturala gauzatzea hautatzen duenak. Alegia, kontutan izan behar dugu etorri berrien gehiengo zabal baten migrazio beharra edo motibazio nagusia egoera ekonomikoak bultzatua dela.
- Euskal kulturara hurbiltzeko aukera izatea, beren kultura baztertu beharko luketela sentitu gabe.
Kulturartekotasunak, eragileez gain, espazioak ere behar ditu eredu hori egunez egun lantzeko.
Bereziki bi eremuri jarri zaie arreta, bertan desberdinen arteko harremanak sustatzen direlako:
1. Eskolaren eremua.
2. Aisialdiari eta elkartegintzari loturiko eremuak
Zubi lana, helburu
Eneko Agirre Kultura zinegotziak azaldu duenez, “Aniztasuna, aberastasuna da, eta aniztasun hori badugu Zumaian. Horren adierazle da, adibidez, asteburuan egingo den senegaldarren festa eta orain dela pare bat urte egin zen Txinatarren festa. Aberatsak gara oso, baina bakoitzaren aberastasuna elkarbanatzen ikasi behar dugu. Horretarako gune edo tresnak sortu behar ditugu”.
Jatorri aniztasunarekin hertsiki lotuta doaz hizkuntza eta kultura aniztasuna. Kultura elkarbanatzea aberastasunerako ekarpena delakoan, eta “zubi lana egiten laguntzea” tokatzen zaiela azaldu du. Zubi lan horretan, ezinbesteko jotzen dugu kultura. Herrian dagoen kultura aniztasuna pertsonalki eta kolektiboki aberatsa da, eta oraindik eta gehiago aberasteko aukera bat da. Aukera hori baliatzeko kulturen arteko harremanak sustatu behar dira, eta horretan saiatuko gara hemendik aurrera.
Hurrengo ekimenak
Orain artean esandako guzti hori teoriatik praktikara emateko sektorekako lan saioak egingo dira urrian. Honako saioak izango dira hain zuzen:
Urriaren 8an: hezkuntza, kirola eta aisialdiko eragileak
Urriaren 14ean: gizarte gaietako eragileak
Urriaren 15ea: kultur eta identitate elkarteak.
Anitzen batzarra: urriaren 31ean Alondegiko plazan
18:00etan Alondegia Kultur Etxeko MOILA gelan izango dira saio guztiak.



