Antzerki ikuskizunez betetako asteburua

2013/01/17

Ostiralean, Patxi Santamariaren 'Aktibo Toxikoa' izango da ikusgai, eta igandean 'Jon Beldurgabea' eguerdian haurrentzat, eta 20:00etan 'Su txikian' (euskaraz). Sarrerak salgai daude turismo bulegoan.

 

Asteburuan antze eskaintza ederra izango da Zumaian. Haur zein helduentzako eskaintza izango da, gainera. Ostiralean, Patxi Santamariaren Aktibo toxikoa antzezlana izango da, 22:00etatik aurrera Oxford aretoan.  Igandean goizean, berriz, haurrentzako ikuskizuna izango da Aita Mari aretoan; Jon Beldurgabea izango da ikusgai. Arratsean, berriz, Su txikian ikusteko aukera izango da, hau ere Aita Marin.

 

Sarrerak salgai daude turismo bulegoan:

Aktibo toxikoa: 5 euro/3 euro gazte txartelarekin

Jon beldurgabea: 3 euro

Su txikian: 9 euro/ 6 euro gazte txartelarekin

 

Sinopsiak:

 

'Aktibo toxikoa'

Hor dator  “Bat”, Bat Jauregi. Bere maleta eta guzti, jendearen artetik azaltzen da. Han irrifar bat, begirada triste bat hemen, maletan darama arima. Pailazo bat?, mimo bat?, klown bat? guzti hori bada ere, pertsona da eta.

Haren begiradak ikusaraziko digute errealitatea beste alde batetik...

Kalean panpina mekaniko baten antzera, txanponen zain, bere txapa botatzeko. Edo tipo bera, Blues brothersen itxuraz, taberna baten terrazan periodikoa irakurtzen, notiziak nonbait. Jendea ikusi eta bere txapa botako duena.

Gure mundu desastre honi, errepaso bat emango dio.

Bat Jauregi politikaria izandakoa da. Erretirua hartutako gizasemea. Krisiak bete betean harrapatu du eta ekintza bat egitera dator.

Bankuak etxetik bota du eta kale gorrian utzi du.

Baina ez dago geldirik egoteko prest. Ez du nahiko kanpaldi, konzentrazio edo “indignados” talde bat osatzea. Berak beste zerbait antolatu du.

Eta horretarako konbokatuko gaitu, zuen herriko kale edo plaza batean, bere ekitaldian parte hartzeko.

 'Jon beldurgabea'

Jon gazteak ez daki beldurra zer den, beraz, haren aitak aholku zentzuduna eman dio, behin eta berriro zer ote den azaltzen saiatu ondoren: goxo-goxo bizi den etxea utzita, beldurraren bila abiatzea.

Hasteko Jonek sorgin batekin egingo du topo, eta hark gaztelu sorgindu batera bisitan joatea gomendatuko dio; bertan hiru egun ematea lortzen badu, gaztelua sorginkeriaz libre geratuko da eta “gaztelutik kanporatutako” erregeak bere alabarekin ezkontzen utziko dio.

Hala, Jonek hauei guztiei egingo die aurre: maitagarriegia den mamu bati, pirata ezpatari bati, kapadun banpiro bati; horrez gain, saskibaloian arituko da burua galdu duen digante batekin eta hiru buruko deabru baten hiru buruekin eztabaidan ere bai.

Ipuin hau Grimm anaien klasiko bat da eta hauxe adierazi nahi digu: beldurra zer den ez badakizu, adorea ere ez duzu ezagutuko. Psikologo ausart batek liberatzeaz ere hitz egiten duela esango luke, helduarora heltzeaz, “habia”tik abiatzeaz.

Ez dugu horrenbesteraino heldu nahi, ez da hori gure asmoa. Umeek ondo pasatzea da gure helburua, eta hartu nahi dugun uzta hauxe da: barre pilo bat! Alfonso Diez eta Aitor Fernandino aktoreek esperientzia handia dute umeentzako ikuskizunak egiten, eta pailazo saiatuak dira (antzerkian eta antzerkitik kanpo ere bai).

 

'Su txikian'

Itxaropenez betetako garai historikoa bizi du Euskal Herriak, agertoki politiko berri bat abian jartzeko oinarriak ezartzen ari baitira. Gure azken urteotako historiaren garaia, liskarrek eta sufrimenduek markatu dutena, ixteko zorian da, eta bakea eta askatasuna lortzeko bidean gaude.

Azken hamarkadan egindako sukalde lanaren ondorio ere izan daiteke gaur egungo egoera. 2001. urtean Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek elkarren arteko elkarrizketa sekretuak hasi zituzten Txillare baserrian. Honek bidea irekiko zien urte batzuk beranduago politikari sozialistak ETAko ordezkariekin Genevan eta Oslon izan zituen negoziazioei, baita Loiolan EAJ-PNV, PSE-EE eta Ezker Abertzalearen arteko elkarrizketei ere.

Su txikian egin zen hori guztia, sukalde barruko kontuak behar bezala konpondu eta gero konponbideak euskal jendarteari aurkezteko asmoz. 2007ko udaberrian, ordea, dena hankaz gora geratu zela zirudien, baina isilpeko bilera haiek gaur bizi dugun egoera berriaren aurrekariak izan zirela baiezta daiteke.

“Su txikian” antzezlanak azken hamar urteetako zenbait pasarte eta ezinbesteko elkarrizketa sekretu haiek taula gainera eramango ditu, bere lorpen zein frustazio guztiekin, eta baita bere ondorioekin ere: ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaiera eta bake prozesuaren zein elkarbizitzaren hasiera.