Apirilaren 29ko ohiko plenoa
Atzo, apirilak 29, ohiko plenoa izan zen Zumaiako udaletxean. Hauek izan ziren gaiak eztabaidatu ondorengo bozketen emaitzak.
1- Martxoaren 12an egindako plenoko akta onartu zen.
2- Hirigintza
2.1- Aho batez onartu zen bizileku erabilerarako eraikinetan dauden etxebizitzen irisgarritasuna sustatzeko udal ordenantzaren hasierako onarpena (EAJ 2, Talde Mistoa 2, Aralar-Alternatiba 1, PSE-EE 2, EA 1). Ordenantza honen arabera, eta Lurzoruaren Lege berriak dioenez, irisgarritasun irizpideetara egokitzeko lanak interes publikotzat hartuko ditu Udalak eta lan horiek aurrera eramateko desjabetzak egin ahal izango dira, onuradunak ezindu edo adin nagusiko pertsonak dituzten jabegoen elkarteak izanez.
2.2- Aho batez onartu zen Zumaiako Udalaren etxebizitza sustapenak Etxebideko etxebizitza eskatzaileen erregistroa erabili esleitzeko lankidetza hitzarmena ere. Onarpen horren arabera, alkateari sinadurarako gaitasuna eman zitzaion.
3- Mozioak.
3.1.- Jon Anzaren desagerpena dela-eta Talde Mistoak aurkeztutako mozioak aldeko bi boto jaso zituen (Talde Mistoa), kontrako lau boto (EAJ 2, PSE-EE 2), eta bi abstenitu egin ziren (EA 1, Aralar-Alternatiba 1), beraz, mozioa ez zen ontzat eman.
3.2.- Jon Anzaren desagerpena dela-eta EAJko udal-taldeak aurkeztutako mozioak, berriz, aldeko lau boto jaso zituen (EAJ 2, EA 1 eta Aralar-Alternatiba 1), eta kontrako beste lau (Talde Mistoa 2, PSE-EE 2). Bozketan izandako berdinketaren ostean, alkatearen botoari esker, EAJk aurkeztutako mozioa onartu egin zen.
3.3.- Aho batez onartu zen Zumaian Trenaren hobekuntza dela-eta, Aralar-Alternatiba taldeak aurkeztutako mozioa.



