Apirilaren 3an gauzatuko da Zumaian itzalaldi analogikoa
Zumaiako Udalak Lurreko Telebista Digitalera egokitzeko zenbait ikerketa eginak ditu dagoeneko, eta datozen hilabeteetan egingo dira egokitzapenak. Horrez gain, LTDaren inguruko ikastaroa eskainiko da urtarrilaren 20an.
Datorren apirilaren 3an, telebista emisio analogikoa betirako geldituko da, eta Lurreko Telebista Digitalak (LTD) hartuko du bere lekua. Orduan gauzatuko da itzalaldi analogikoa Zumaian ere. LTDaren estaldura bermatzea da orain lehentasuna eta egun horretatik aurrera Zumaia eta bere auzoetako etxe guztietan telebista ikusi ahal izateko modua egitea.
Horretarako lanean ari dira Zumaiako Udala eta beste zenbait erakunde. Dagoeneko Udalaren eskuetan daude LTDra egokitzeko eginak dauden zenbait ikerketa, eta urtarrila eta otsaila artean egingo dira azterketa zehatzagoak Itelazpi erakundearen bidez. Gero, martxoan egingo dira egokitzapenak.
Ikastaroa urtarrilaren 20an
Horrez gain, eta LTDaren inguruan herritarrak informatzeko ikastaroa eskainiko du Udalak Zumaiako Kz Gunearen bidez. Urtarrilaren 20an egingo da ikastaroa, 16:00retatik 18:00etara. Deskodetzailea nola instalatu eta nola erabili behar diren azalduko dira, besteak beste, ikastaroan. Izena Kz Gunean (943 862866) bertan eman beharko da eta ikastaroa gazteleraz eskainiko dute.



