Apirilaren 6tik 15era bitartean ospatuko ditu Zumaiak santelmoak

2018/03/27

Txarangak, kalejirak, haurrentzako jolasak, pilota partidu profesionalak, bertsolari eta dantza saioak, haur zen helduen danborrada edota ohiko zaldi lasterketa dira, besteak beste, herritar ororen gozamenerako antolatutako ekintzetako batzuk. Halaber, azken bi urteotan bezala, festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko dela jakinarazi du Udalak.

Aste Santuen atarian, jada hasiak gara Santelmoak ospatzeko egunak zenbatzen eta jaien bezpera honetan, Zumaiako Udalak, ekintzez jositako egitaraua aurkeztu du, 2018ko festak ezin hobeak izan daitezen.

Aurtengoan ere bertso doinuz emango zaie hasiera, hilaren 6an,  herriko festei Bertso Eskolak antolatutako saioarekin. Emanaldia gaueko 22:30ean izango da Aita Marin eta sarrerak dagoeneko salgai daude, 8€tan, turismo bulegoan, Inpernupen eta Ttakun tabernan.

Apirilaren 6tik hasita 15era bitartean, beraz, Zumaia urdinez jantzi eta jai giroan murgilduko da: trikitilariak, kalejirak, txarangak, puzgarriak, dantzaldiak, kontzertuak, DJak, herri bazkaria… eta nola ez, ohiko haur zein helduen danborrada, bertsio gaua, zaldi lasterketa, olagarro-zopa dastatzea eta traineru txikien estropadak ere izango dira aukeran, baita kadete mailako txirrindulari lasterketa ere. Halaber, iaz berreskuratutako Urrezko Aizkora lehiaketa ere jokatuko da eta horrez gain, esku pilota partidu profesionalez eta zesta punta jaialdiaz gozatzeko aukera ere izango da Aitzuri pilotalekuan. Hainbat eta hainbat ekintza, beraz, herritar ororen, haur, gazte zein helduen, gozamenerako.

Ekintza egitarauaren harira Udalak eskerrik beroenak eman dizkie festen antolakuntzan parte hartu duten talde, eragile eta elkarte guztiei haien lana ezinbestekoa izan baita ilusioz beteriko egitaraua prestatu eta aurrera ateratzeko.

Bestalde, herritarren segurtasun eta ongizatea lehenetsi eta bermatze aldera, azken bi urteotan bezala, aurten ere, festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko dela jakinarazi du Udalak, zehazki hilaren 6an, 7an eta 8an eta baita jaien bigarren asteburuan ere, hau da, 13an eta 14an.

Amaitzeko, Udalak jai egun alai, bizi eta zoriontsuak izatea opa die herritarrei, berdintasunean eta errespetuan oinarrituta, ekintzez gozatu eta Santelmoak elkarrekin giro onean disfrutatzeko.

Deskargatu 2018ko egitataua HEMEN