Arrakastatsua eta jendetsua izan da Musika Jaialdia

2011/08/17

Kultura Saila "oso gustura" dago aurtengo jaialdiarekin: "Oso maila oneko musikariak izan ditugu Zumaian, eta ikusle kopurua ere oso ona izan da". Eguraldiak ekitaldiren bat zapuztu badu ere, orokorrean "oso balorazio ona" egiten du Udalak.

Asteburuarekin batera amaitu da 2011ko Musika Jaialdia. Atzean utzi ditu hamarka ekitaldi, tartean kontzertuak, proiekzioak eta hitzaldiak. Eta emaitzarekin "oso gustura" dago Kultura Saila. Hala adierazi du Mirian Romatet kultura teknikariak: "Oso jendetsua izan da, ikusle ugari izan dugu, eta etorritako musikariek ez dute hutsik egin, oso maila altua erakutsi dute".

Ekitaldi guztiak izan dira onak Romateten hitzetan, baina bat aipatzekotan, KUP abesbatzak aurreneko egunean emandakoa nabarmenduko luke, "parrokia goraino bete zelako eta jendeak asko gozatu zuelako". Youth Brass 2000 bandak emandako kontzertua ere gogoan hartzekoa dela dio, batik bat haiek egindako balorazioagatik "Europan eman duten kontzertu onena hemen eman dutela esan ziguten, eta hori oso polita izan zen". Nicholas Angelich pianistak azken egunean emandako kontzertua ere "apartekoa" izan zela nabarmendu du.

Halere, izan da zaputz unerik ere. San Pedro abesbatzak Gala Gauearako prestatutako ikuskizuan ez zen nahi bezala atera eta hori "penatzekoa" izan dela dio Romatetek. Izan ere, hasieran eguraldiak egin zuen kale, eta gero arazo teknikoak izan zituzten.

Baina orokorrean "oso balorazio ona" egiten du Udalak aurtengo Musika jaialdiaz. Aintzinako musikatik hasi eta jazz musikaraino arteko musika entzuteko parada izan delako eta jendeak gustura hartu dituelako ekimenak.