Arrakastatsua izan da joan den asteburuko Outlet azoka

2010/03/11

Azokan parte hartu zuten merkatariak “gustura” agertu dira, “inoiz baino jende gehiago” izan delako. Outlet azokaz gain, Zumaiako Merkatarien Elkarteak bi pertsonentzako 20 afari zozketatuko ditu martxoan zehar erosketak elkarteko dendetan egiten dituztenen artean.

 

Asteburu honetan ospatu den Stock-Outlet-ean “inoiz baino jende gehiago” izan dela azaldu dute azokan parte hartu duten merkatariek. Nahiz eta hotz handia egin, eguzkitxu atera zen larunbata eta horrek jendea Outletean parte-hartzera animatu zuen. Bertaratu zirenek hainbat egitasmo ere aurkitu zituzten azokan: haurrentzako puzgarriak, quads-ak, zezen mekanikoa edota txorizo postua.

Zumaiako merkataritzarentzako, Stock-Outlet-a urteroko ekimen garrantzitsuenetarikoa bilakatu da eta bertan marka oso onak aurkitu ohi dira oso prezio onetan.

Hurrengo Outlet-a uztailean izango dugu udaberri-udarako arroparekin.

Afariak zozketan

Stock-Outlet ekimenaz gain, Zumaiako Merkatarien Elkarteak hainbat abantaila eskainiko dizkiete erosketak elkarteko dendetan egiten dituzten herritarrei. Izan ere, bi pertsonentzako 20 afari zozketatuko dituzte. Azaldu dutenez, leialtasun txartela erabilitako bakoitzean izango da afaria irabazteko aukera. Irabazleek Rural Kutxan jaso beharko dute bale-saria, eta ezinbestekoa izango da afaria erreserbatzerakoan bale-saria erabili nahi dugula esatea.