Arriya filmak Zumaia izango du eskenatoki ostiral honetan ere

2010/08/31

Ostiraleko saioarekin amaituko da Zumaian egingo duten errodajea.

 

Arriya filmaren grabaketa amaierara iristen ari da. Ostirala, irailak 3, Alberto Gorritiberea zumaiarra eta bere lan-taldea Zumaian izango dira pelikularako beharrezko izango dituzten azken errodaje saioak grabatzen. Joan den astean ere aritu ziren Zumaian pelikula grabatzen eta lan-taldeak eskerrak eman dizkie zumaiarrei erakutsi duten jarrera eta pazientziarengatik.

Ostiralean, 08:00etan ekingo diote errodajeari eta iluntzeko 19:00ak bitartean ariko dira grabaketan. Azaldu dutenez, sekuentzia errazak izango dira ostiralean egingo dituztenak, bi kanpoaldean grabatuko dituzte eta bost barnealdean. Hori dela eta, eragozpen gehienak eguerdia bitartean sortuko direla jakinarazi dute, kanpoaldeko sekuentzien grabaketak irauten duen bitartean. Ildo beretik, Angeles Sorazu eta Udaletxe aurreko aparkalekuak ezingo dira erabili errodajeko garaian.

Filmaren grabaketak, besteak beste,  trafikoan hainbat eragozpen sor ditzake, grabaketak direla-eta, edo grabaketarako behar dituzten ibilgailuak direla-eta. Beraz, herritarrei pazientzia eskatzen zaie.