Aste honetan hasiko dira Mugi zerbitzuko azpiegitura berria muntatzen
Udalak erosi egin du mailegu zerbitzuaren azpiegitura, eta datorren astea bitartean egingo dituzte instalazioak. Gutxi gora-behera astebetekoa izango da trantsizio aldia eta abuztu hasierarako zerbitzua erabilgarri izango dela esan dute Udaletik.
Zumaiako Udalak Mugi bizikletak maileguan hartzeko zerbitzuaren azpiegitura erosi ondoren, aste honetan bertan hasiko dira Zumaiako udalerrian instalazio berria muntatzen. Lehengo mailegu guneez gain, beste bi puntutan ere jarriko dira bizikletak. Gaur (astelehena) bertan muntatuko dute Narruondoko azpiegitura eta bihar egingo dute Beheko Plazako mailegu gunearen muntaketa. Horiez gain, lehengoak mantendu egingo dira eta ondorengo egunetan egingo dituzte instalazio berriak:
- Uztailak 22, osteguna: Vitoriano Arrate.
- Uztailak 23, ostirala: Tren Geltokia
- Uztailak 26, astelehena: Kiroldegia.
- Uztailak 27, asteartea: Amaiako plaza.
Uztaileko azkeneko astean, beraz, zerbitzua ez da egongo erabilgarri. Erabiltzaileei etxera bidaliko zaizkie zerbitzua erabili ahal izateko txartel berriak eta abuztu hasierarako erabilgarri izango dute berriro bizikleten mailegu zerbitzua. Ohiko bizikletez gain, bost triziklo eskainiko ditu zerbitzuak. Mailegu gune bakoitzean bat jarriko da, Narruondo auzoan izan ezik.



