ASTE SANTUAN ZEIN SANTELMOETAKO LEHEN ASTEBURUAN JASOTAKO DATU ONAK AZPIMARRATU DITU UDALAK
Aste Santu eta Pazko asteari dagokionez, turismo bulegoak 2.252 bisitari jaso ditu eta Geoparkeko hiru herrietan, guztira 57 bisita gidatu eskaini dira. Halaber, Santelmoen lehen asteburuaren inguruan balorazio positiboa egin du Udalak eta antolatutako ekintzetan herritarren parte hartze eta inplikazioa eskertu ditu.
Jada Aste Santu eta Pazko asteko opor egunak atzean utzi ditugula, Zumaiako Udalak, bi aste horien inguruko balorazioa egin du gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan.
Aurtengo oporraldian eguraldia lagun izan da eta horren harira, turismo bulegoko datuak bildu eta aztertu ostean, apirilaren 13tik hilaren 23a arte jasotako datuak oso positiboak izan direla azpimarratu du Udalak. Turismo bulegoak, hain zuzen, aipatutako bi asteetan 2252 lagunen bisita jaso du. Ildo beretik, aipagarria da ere Euskal Kostaldeko Geoparkeak, hiru herrietan, Deban, Mutrikun eta Zumaian, eskaini dituen bisita gidatu kopurua; guztira 57 irteera egin dira eta 1416 lagunek hartu dute parte. Kasu honetan, iazko datuekin alderatuta, Geoparkeak 911 bisitari gehiago izan ditu aurten. “Datu horiek oso pozgarriak dira guztiontzat, azken batean, gure herriaz haratago, gure eskualdea eta gure kostaldeko altxorrak ezagutzera ematen ari direnaren isla baitira” azaldu du Esti Iruretak, turismo teknikariak. Era berean, ostalaritzari dagokionean, azken urteetako joera mantenduz, herriko ostatuen eta jatetxeen okupazioa, bai Aste Santu zein Santelmoetako lehen asteburuan, oso altua izan da.
Zumaiari dagokionez, Udala pozik agertu da bai Aste Santuan zein Pazko astean herrian nabarmendu den giroarekin. “Bi azken asteotan jasotako datuak onak dira eta horiek eragin zuzen eta positiboa izan dezakete herriko merkatari eta ostalariengan, baita orokorrean Zumaiarengan ere, gure ondarea eta kultura zabaltzeko modua baita”, gehitu du Iruretak.
Eta giro onari erreferentzia eginez, Santelmoetako lehen asteburuaren inguruan ere balorazio positiboa egin du Udalak. “Zumaiarrok ondo dakigu festa giroaz gozatzen eta herriko kaleak behar bezala kolore urdinez, alaitasunez eta giro onez jantzi ditugu asteburu honetan, herriko festak ospatzeko” adierazi du Miriam Romatet kultura teknikariak. Ildo beretik, antolatutako ekintzetan herritarren parte hartzea eskertu du, baita noski, ekintzen antolakuntzan parte hartu duten eragileen lan eta inplikazioa ere, eta bigarren asteburu honi begira, jai giroaz gozatzen jarraitzera gonbidatu ditu guztiak.



