Asteartean abiatuko da Zumaia eta Deba arteko itsasertza garbitzeko Auzolandegia
Aranzadi elkarteak, Kutxak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak antolatu dute eta aurten, interesatu guztiei dei egin diete egitasmoan parte hartu dezaten.
Joan den urtean Algorri eta Pikote artean egindako garbiketa lanei jarraipena emango die aurten bigarren urtez antolatu duten gazteentzako Auzolandegiak. Aranzadik, Kutxak, Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak antolatu dute eta 16-18 urte bitarteko 20 gazte ariko dira uztailaren 20an hasi eta 29ra bitartean garbiketa lanetan. Aurten garbituko duten eremua Pikote eta Elorriaga artekoa izango da eta Asier Hilario Flyscharen Biotopoaren Zuzendari Teknikoak koordinatuko du Auzolandegia, Aranzadiko kideen laguntzaz.
Goizetan egingo dute zakarren bilketa lana eta arratsaldetan kirol zein natura arloko hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute gazteek. Auzolandegiaren amaieran, helikopteroz jasoko dute zaborra, iaz bezala, eta dagokien zabortegira bideratuko dute jasotako zabor guztia.
Herritarrei irekia
Auzolandegiaren antolatzaileek herritarrei dei berezi bat egin diete, eta gogorarazi interesatuta dagoen herritar orok parte hartu ahal izango duela egitasmoan. Horretarako, flysch@gipuzkoa.net helbidera idatzi beharko dute, guztia behar bezala koordinatu ahal izateko.



