Asteartean zabalduko da Keretxudi Baratze Parkeko lursailetan izena emateko epea

2018/07/05

Herritarrek 10 eguneko epea izango dute telematikoki edota udal erregistroan izena emateko; ondoren lursailen zozketa egingo da.

Lursailak prest eta jada baratzeen ordenantzari alegazioak egiteko epea amaituta, datorren asteartean zabalduko da Keretxudiko Baratze Parkeko lursailetan izena emateko epea.

Izan ere, Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Kutxa Ekogunearen laguntzarekin Baratze Parkea sortu du Udalak Zumaian, 70m2ko 50 lursailez osatuta. Keretxudi Baratze Parkea Kutxa Ekoguneak sustatutako Baratze Parke Sareko Gipuzkoako 20. Baratze Parkea izango da.

Asteartetik aurrera, beraz, interesdunek 10 eguneko epea izango dute lursailen eskaera Udal erregistroan egiteko. Telematikoki egiteko aukera ere izango dute. Horretarako ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:  

  • Udalerrian erroldatuta egotea
  • Fisikoki gai izatea baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko
  • Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea
  • Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea
  • Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik, edozein tokitan dagoela ere.

EZINBESTEKOA IZANGO DA baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztea. Horrekin batera, inprimaki ofiziala eta NAN-aren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

Izen-emate epea amaitzean onartu eta baztertuen zerrendak publiko egingo dira eta eskariak baratzak baino gehiago balira, zozketa bidez banatuko dira baratzeak.

Kanon eta fidantza:

Lursailaren erabilera eta udal-lizentzia urtebeteko epez emango da, eta epe hori gehienez lau urte arte luzatu ahal izango da.

Baratzearen laborantzagatik Udalak aplikatuko duen kanonari dagokionean, baratze bat urtebetez erabili ahal izateko hileko 10€ ordaindu beharko dira, orotara, 120 euro. Fidantza, aldiz, udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko, 100 eurokoa izango da.  

Interes talde edota pertsonek (tokiko taldeak eta mugikortasun urriko pertsonak) ez dute kanona ez fidantza ordaindu beharrik.

Azkenik, erabiltzaileek Elkarte bat sortu beharko dute baratzeak kudeatzeko eta ordezkari bat izendatuko dute Kutxa Ekogunearekin eta Udaleko arduradunarekin harremanetan egoteko.