Asteazkenean jarriko dira aulki zein toldoak Itzurun hondartzan

2019/06/14

Toldo zein aulkien zaintza esleitzeko prozesuan inor aurkeztu ez izanak atzerapena eragin du zerbitzuan, baina horiek erabiltzeko interesa dutenek udaletxean bertan eman ahal izango dute izena ostiraletik asteartera bitartean. Ildo beretik, Santiago hondartzan egindako obrak direla eta, bertako kantina zein komunak asteazkenean zabalduko direla jakinarazi du Udalak.

Hondartza denboraldia larunbatean hasten den arren, Udalak jakinarazi du Itzurungo aulki zein toldoak asteazkenean jarriko direla aurten.

Izan ere, horien zaintza kudeatzeko Udalak maiatzean abiarazitako prozesuan ez da inor aurkeztu eta horrek atzerapena eragin du aipatu zerbitzuan.

Edonola ere, toldo eta aulkiak erabiltzeko interesa dutenek udaletxean bertan eman ahal izango dute izena ostiraletik asteartera bitartean (asteartean goizeko 12:00etan amaituko da izen emate epea). Izena ematearekin batera, plano bidez, toldoaren kokalekua ere aukeratu beharko dute herritarrek.

Guztira 60 toldo ditu Udalak, horrenbestez, eskaera maila altuagoa izango balitz, asteartean azken orduan zozketa egingo da guztien artean.

Ildo beretik, Santiago hondartzan egindako lan guztiak medio, atzerapena egon da eta bertako kantina zein komunak asteazkenean zabalduko direla adierazi du Udalak. Sorosle zerbitzua, aldiz, larunbatetik aurrera (hilak 15) eskainiko da.