Asteazkenean zabalduko da Keretxudi Baratze Parkean hutsik gelditu diren lursailetan izena emateko epea

2018/10/09

Herritarrek 15 eguneko epea izango dute telematikoki edota udal erregistroan izena emateko.

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Kutxa Ekogunearen laguntzarekin Keretxudi Baratze Parkea sortu du Zumaiako Udalak 70m2 inguruko 50 lursailez osatuta. 

Horri lotuta, joan den irailaren 4an, Udalak 50 partzela horietatik 39 esleitu zituen, jasotako eskaerei erantzunez. Baina Keretxudi Baratze Parkea 50 lursailez osatuta dagoenez, oraindik 11 gelditzen dira libre eta horrenbestez, horiek betetzeko bigarren izen emate prozesu bat abiaraziko du Udalak.

Horiek horrela, bihartik aurrera, interesdunek 15 eguneko epea izango dute lursailen eskaera Udal erregistroan egiteko. Telematikoki egiteko aukera ere izango dute. Horretarako ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:  

  • Udalerrian erroldatuta egotea
  • Fisikoki gai izatea baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko
  • Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea
  • Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea
  • Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik, edozein tokitan dagoela ere.

EZINBESTEKOA IZANGO DA baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztea. Horrekin batera, inprimaki ofiziala eta NAN-aren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

Izen-emate epea amaitzean 11 eskaera baino gehiago jasoz gero, zozketa bidez banatuko dira baratzeak.

Kanon eta fidantza:

Lursailaren erabilera eta udal-lizentzia urtebeteko epez emango da, eta epe hori gehienez lau urte arte luzatu ahal izango da.

Baratzearen laborantzagatik Udalak aplikatuko duen kanonari dagokionean, baratze bat urtebetez erabili ahal izateko hileko 10€ ordaindu beharko dira, orotara, 120 euro. Fidantza, aldiz, udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko, 100 eurokoa izango da.  

Interes talde edota pertsonek (tokiko taldeak eta mugikortasun urriko pertsonak) ez dute kanona ez fidantza ordaindu beharrik.

Azkenik, erabiltzaileek Elkarte bat sortu beharko dute baratzeak kudeatzeko eta ordezkari bat izendatuko dute Kutxa Ekogunearekin eta Udaleko arduradunarekin harremanetan egoteko.