Asteburuan jarraituko du festak
Jendetsuak izan dira joan den asteburuan ospatu ziren San Telmo jaietako ekitaldiak. Orain, astean zehar atsedena hartu ondoren, asteburuan jarraituko du festak.
Alkandora urdinen festa izan da protagonista asteburuan Zumaian. Santelmo jaietan bete-betean murgildu dira herritarrak eta baita kanpotik etorri diren bisitariak ere. Oro har, jendetsuak izan dira ekitaldiak eta ondo pasatzeko aitzakiarik ez da falta izan. Orain, astean zehar atsedena hartu ondoren, asteburuan jarraituko du festak.
Ostiralean hainbat ekitaldi eskainiko dituzte. Horien artean, herriko arrantzaleei buruzko hitzaldia, bertso saioa edota ‘Zer diyon’ antzezlana. Zumaiako Itzurungo Uhinak emakume taldeak eskainiko du antzerki emankizuna eta sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan. Horrekin batera, kontzertuak izango dira txosna eremuan.
Larunbatean ere ugariak izango dira ekitaldiak: plaieroak, Xisterazko txapelketak, lehiaketa gastronomikoa, abesbatzen emanaldiak, bazkaria, kontzertuak, txaranga…
Igandea izango da santelmoen azkeneko eguna. Zaldi lasterketak izango dira goizean eta erromeria arratsaldean, besteak beste. Gauerdiko bandera jaitsierak itxiko du aurtengo programazioa.
Udalak datozen asteburuko ekitaldietan parte-hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Jaietako egitaraua ikusteko klikatu hemen.



