Astebururako Geolodia eta beste hainbat proposamen Euskal Kostaldeko Geoparkean

2013/05/07

Geologia eta geologoaren lanbidea gizarteratzea helburu, larunbatean Geolodia izeneko ekimena egingo da Geoparkean. Trekking geologiko bat egingo da Deba eta Zumaia artean, bertako altxor nagusiak ezagutzeko. Horretaz aparte hainbat bisita gidatu ere antolatu dira, horien artean, zetazeoak ikusteko irteera.

Datorren larunbatean, maiatzak 11, Geolodia edo Geoloeguna ekimena burutuko da Euskal Kostaldeko Geoparkean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV-EHUk elkarrekin antolatuta.

 

Aurten hirugarrenez burutuko da Geolodia Gipuzkoan eta deialdia arrakastatsua izan da oso. Dagoeneko taldea osatuta dago eta ez da plazarik geratzen.

 

Partaideek trekking geologiko bat egingo dute gida batek lagunduta, Debatik Zumaiara. Ibilbidea oinez eginez, Flysch mota desberdinak ezagutuko dituzte eta Geoparkearen historia geologiko harrigarria ulertzeko aukera izango dute. Suntsipen masiboak, beroketa klimatikoak, koral arrezifeak, lurrikara handiak eta beste hainbat kontu interesgarri izango dira mintzagai ibilaldian zehar. Deban izango dute hasiera puntua, goizeko 9:00etan.

 

Geolodia izeneko ekimena 2005. urtean hasi zen, Teruelen. Egun, 8 urte beranduago, Espainiar estatuko lurralde guztietan aldi berean burutzen den dibulgazio ekimena da. Helburu nagusia da geologia eta geologoen lanbidea gizarteratzea. Irteera hauek paisaiak "begi geologikoekin" ikusteko aukera eskaintzen digute eta zuzenean zientzialarien lana ezagutzeko abagune bihurtzen dira. Halaber, ondare geologikoa babestearen garrantzia azpimarratzeko balio du ekimen honek.

 

Asteburuko bisita gidatuak

Geolodiaz gainera, ohi duen moduan Geoparkeak hainbat irteera antolatu ditu larunbat eta iganderako. Horien artean, zetazeoak ikusteko irteera egingo da larunbatean, maiatzaren 11an. Hain zuzen, euskal Kostaldea eta inguruko ur sakonak gune paregabea dira bertan bizi diren zetazeoak ezagutzeko. Aditu baten laguntzarekin, itsas izaki bizidunen mundu liluragarria ezagutzeko aukera izango dute abentura zaleek. Bisitari kopurua mugatua da (8 lagun) eta egun osoko irteera da. Hitzordua goizeko 9:00etan izango da, Zumaiako kirol portutik.

 

Horrez gainera, honako irteera hauek eskainiko ditu asteburuan Geoparkeak:

 

 MAIATZAK 11, LARUNBATA

·       10:00 - 13:30 “Irteera geologikoa eta txalupa

Irteera puntua: Algorri interpretazio zentroa, Zumaia.

 

·       12:45 – 13:30 “Algorri txalupan

Irteera puntua: Kirol portua (Algorri jatetxea), Zumaia.

 

·       17:00 - 18:30 “Debako Santa Maria eliza

Irteera puntua: Debako turismo bulegoa

 

MAIATZAK 12, IGANDEA

·       10:00 - 17:00 “Flysch-aren trekking-a: Zumaia - Deba

Irteera puntua: Zumaiako turismo bulegoa.

 

·       11:30 - 12:45 “Ibilaldi gidatua txalupaz

Irteera puntua: Kirol portua (Algorri jatetxea), Zumaia.

 

 

Bisita hauen guztien gaineko informazioa www.geoparkea.com webgunean eskura daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.