Astelehenean egindako ez-ohiko plenoaren harira, Udal Gobernuaren adierazpena
Astelehen arratsean egindako ez-ohiko plenoan gertatutakoaren karietara, adierazpena plazaratu du Udal Gobernuak.
Zumaiako Udal Gobernuak asteleheneko plenoko gertakarien harira honakoa adierazi nahi du:
- Adostasun eza adieraztea zilegi da, baina zenbaitek egindako irainak, mehatxuak eta errespetu faltak tokiz kanpo daude. Heldutasunaren eta adostasunerako jarreraren erabat aurkakoa izan zen pleno aretoan bizi izandakoa.
-Zumaiako Udal Gobernuaren helburua argia da: 2013an %80ko hondakinen bilketa selektiboko emaitzak emango dituen hondakinen bilketa sistema ezarri nahi dugu. Sistema hori nolakoa izango den adosteko prest gaude, baina emaitza horiek eman behar ditu. Ez da zilegi ahal dena baino gutxiago birziklatzea erosotasunaren izenean.
-Udal Gobernua atez-atekoaren aurkako plataformarekin bildu zen duela aste batzuk, eta bildu dituzten sinadurak erakusteko eskatzeaz gain, datorren urtean ezarriko den sistemaren nolakotasuna adosteko gure asmoa agertu genien. Gaia heldutasunez tratatuz gero adostasunetara iritsi baikaitezke, betiere 2013an %80 inguruko emaitzak emango dituen hondakinen bilketa sistema lortzeko.



