Astelehenean hasiko dira I. Zuloaga plaza inguruko galtzada konpontzeko obrak
Autoentzako pasoa estutu egingo dute, horretarako aparkalekuak kendu eta taxiak lekuz aldatuko dituzte. Udalak obrak dirauten itartean jarriko diren hesiak errespetatzeko eskatzen die herritarrei.
Aurrez Alde Zaharreko zenbait kaletan egin bezala, astelehenean I. Zuloaga inguruko galtzada konpontzen hasiko da Udala. Alde Zaharreko Angeles Sorazu kalea eta kale horretatik Bonifazio Etxegarai bitarteko San Jose kalea konpondu zituzten. Orain, Zuloaga plaza inguruko galtzadako zulo eta kalteak konponduko dituzte. Inguru horretan, guztira 60 metro koadro inguru konponduko dituzte, zatika.
Lan horiek bi fasetan egingo dira. Astelehenean lehen faseari emango zaio hasiera, Txomin Agirre Kaitik Bonifazio Etxegarai kalearen arteko zatia konponduko dute. Zati hori konpontzen astelehenean hasiko dira, eta behin konponketa lanak bukatuta 20 egunez egon behar du galtzadak zapaldu gabe, ondo egonkortzeko. Hala ere, zati horretan ez da trafikoa moztuko lanek irauten duten bitartean. Izan ere, pasabidea estutuko bada ere, autoek pasabidea izango dute. Obrak irauten duten bitartean, tarte horretako aparkalekuak kenduko dira, eta taxiak ere lekuz aldatuko dira, eta Udaltzaingoaren egoitza inguruan kokatuko dira.
Bigarren fasean, Erribera kale bukaeratik udaltzaingora arteko zatia konponduko da. Horko konponketak egin, eta galtzada egonkortzeko beste 20 egun beharko dira, eta epe horretan paso hori itxita izango da. Bitarte horretan, Bonifazio Etxegarai kaletik etorriko den trafikoa zuzenean bideratuko da Txomin Agirre kaira. Beraz, trafikoaren norabidea egokituko da egun horietan.
Lan horien aurrekontua 11.000 euro ingurukoa (+ BEZ) da, eta obrak Martin Irigoyen enpresak egingo ditu.
Lanak errespetatu
Alde Zaharrean gertatu bezala, galtzada konponketa horietan ere, behin lanak bukatuta gero, galtzada egonkortu eta lehortzeko denbora behar da (20 bat egun). Bitarte horretan zapaldu gabe egon behar du. Beraz, Udalak herritarrei eskatzen die jarriko diren baila eta hesiak errespetatzeko.



