Astelehenean jarriko da martxan hondakinak biltzeko sistema berria indartzeko sentsibilizazio kanpaina

2018/04/13

Apirilaren 16tik 21era ingurumen hezitzaileak Zumaian ibiliko dira, zalantzak argitzen eta apirilaren 18an tailerrak egingo dira, ostalari eta merkatarientzat. Kanpainaren helburua herritarren kezkak eta zalantzak argitzea da.

Hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik bi hilabete pasa direnean, Urola Kosta Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du apirilean zehar, “herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta ondorioz, sailkatze portzentajeak igotzeko”.

Portzentaje horiek igotzeko herriz herriko ekimenak antolatu dira, hain zuzen ere: kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo edo hartzaile zehatzentzako tailerrak.

Kalez kaleko sentsibilizazioa

Ingurumen hezitzaileak Zumaian ibiliko dira apirilaren 16tik 21era, goizez (8:30-12:00) eta arratsaldez (17:00-20:00), edukiontziak dauden puntuetan. Bisita horien helburua da herritarren kezkak eta zalantzak argitzea, zaborrak sailkatzera doazen une berean.

Kolektibo zehatzentzako tailerrak

Hondakinak biltzeko sistema berrian badira kolektibo bereziak, euren ohiko jardunean etxeetan baino zabor gehiago sortzen dutenak, merkatariak, ostalariak edota industriak, esate baterako.

Horiekin batera, badira beste hartzaile batzuk, beren ezaugarriengatik, arreta berezia eskatzen dutenak: adineko jendea, elkarte gastronomikoak, kultur edo kirol ekitaldiak antolatzen dituzten elkarteak, hondakinak sailkatzeko kulturarik izan ez duten kolektiboak, jende multzo handiarekin lan egiten dutenak, eta abar.

Hartzaile zehatz horien beharrei eta kezkei erantzuteko, tailerrak egingo dira. Bi orduko iraupena izango dute eta kolektibo bakoitzaren behar eta ezaugarriei egokituta egingo dira.

Hona hemen Zumaiako tailerren egutegia:

  • Ostalariak, apirilak 18, 9:00etan, Oxford aretoan
  • Dendariak, apirilak 18, 15:00etan, Oxford aretoan