Astelehenetik asteazkenera bitarte, "Zubiaundia" Urolako burdinazko zubia itxita egongo da, azterlanak egiteko

2018/11/09

Zumaiako ondarearen altxorretako bat den "Zubiaundia" zaharberritzeko asmoa du Udalak eta, horretarako, beharrezkoa da, lehenik, aipatu azterlanak burutzea. Lan horiek astelehenetik asteazkenera bitarte burutzea aurreikusten da eta bitarte horretan, printzipioz, itxita egongo da zubia.

Zumaiako Udalarentzat, gure herriaren ondare natural eta arkitektonikoaren zaintzak berebiziko garrantzia du eta bere jardunaren ardatzetako da beraz. Ondare arkitektoniko horren elementuetako bat da "Zubiaundia" Urolako burdinazko zubia, José Eugenio Ribera ingeniariaren XIX. mende amaierako lana, garai hartako eta mota horretako ingeniaritza lanetatik gelditzen zaigun adibide bakanetakoa, zumaiarrok harro sentiarazteko moduko ondarea.

Aipatu zubiak hainbat eraberritze izan ditu, azkena 90. hamarkadakoa. Zumaiar guztion ondarearen zati den zubi hau behar bezala kontserbatzeko, beharrezkoa da berriz ere zaharberritze lanak egitea. Lan horien nondik norakoak zehazteko, lehenik eta behin azterketa bat egin beharra dago, zubia osatzen duten elementu desberdinen egoera zein den jakiteko eta horietan zein lan egin beharko liratekeen zehazteko. Horretarako laginak analizatuko dira eta neurketak egingo dira. Azterketa sakona egingo da, horrela, egitura eta zimenduak ere aztertuko  dira, horien egoera ezagutu eta segurtasuna bermatze aldera.

Lehen azterlan horiek astelehenean hasiko dira eta asteazkenerako amaitzea aurreikusten da. Hori dela eta, printzipioz, egun horietan zubia itxita egongo da eta ez da bertatik pasatzerik egongo. Zumaiako Udalak, beharrezkoak diren lan horiek egiteak sor ditzakeen eragozpenengatik barkamena eskatu nahi die herritarrei aldez aurretik.