Astelehenetik aurrera erabilgarri izango dute herritarrek Zumaiako Auzobusa
Udalak autobus zerbitzu berria eskainiko du astelehenetik aurrera; bereziki Zumaia eta Oikia lotuko ditu.
Mugikortasun eredu berri baterako bidean, urrats berri bat eman du Zumaiako Udalak eta zerbitzu berri bat eskainiko du datorren astetik aurrera. Gaur (uztailak 7, asteazkena) aurkeztu dute Oikia eta Zumaia lotuko dituen autobus zerbitzua.
Auzobusa izango da zerbitzu berria identifikatzeko erabiliko den izena eta guztira, bost geltokik osatuko dute autobusaren ibilbidea: Tren geltokia, Patxita Etxezarreta, Axular ibiltokia, Oikia herrigunea, eta Oikia kanpoaldea. Hala eta guztiz, aurrera begira zerbitzua zabaltzeko aukera ez dutela baztertzen jakinarazi dute Udaleko ordezkariek.
Andoni Etxaniz Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “zerbitzu berri honekin Oikiak duen behar bati erantzuna ematera gatoz. Oikiak azkeneko urteetan hazkunde nabarmena izan du eta horren ondorioz behar berriak sortu dira auzoan. Horietako bat da mugikortasuna eta zerbitzua osatzeko asmotan diseinatu dugu Auzobusa”.
Irudian, Auzobusak egingo duen ibilbidea.
Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatearen esanetan, “Oikia Zumaiarekin lotuko dugu honekin, baina ez edozein gunerekin. Tren geltokia izango da geltokietako bat”. Ildo horretatik, Auzobusaren ordutegiak Eusko Trenek dituen ordutegiekin uztartu dituztela esan dute. Oikiako bizilagunentzako ez ezik, herriko beste zenbait auzoetako bizilagunentzako ere zerbitzua erabilgarria izan daitekeela gaineratu dute Udaleko ordezkariek “Axular ibiltokitik tren geltokirako ibilbidea, esaterako, oso erabilgarria izan daiteke eremu horretako bizilagunentzako”.
Ordutegiak eta prezioa
Bi ordutegi desberdin izango ditu Auzobusak. “Bata uda garaikoa, astelehenetik abiatuko dena, eta bestea irailetik aurrerakoa”, azaldu du Hirigintza zinegotziak. Astelehenetik ostiralera eskainiko da zerbitzua, asteburutan hasiera batean behintzat ez da eskainiko, eta 50 zentimo ordaindu beharko da bidaia bakoitzaren truke.
Proba pilotua
Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, urtebeteko proba pilotua izango da astelehenean abiatuko dena. “Behar nagusienak detektatzeko balioko digu proba pilotuak, ondo neurtuko ditugu joerak eta balorazioak egingo ditugu. Hala ere, orain, autobusaren energia nagusia erabiltzaileak eurak izango dira”, esan du Etxanizek.
Geltokiak: Tren geltokia, Patxita Etxezarreta, Axular ibiltokia, Oikia herrigunea, eta Oikia kanpoaldea.
ORDUTEGIAK
*Letra lodiz dagoena izango da Auzobusak eskainiko duena, bestea Euskotrenen zerbitzua da.
UZTAILA - ABUZTUA
07:30 OIKIA – ZUMAIA
09:30 OIKIA – ZUMAIA
13:00 ZUMAIA – OIKIA
15:30 OIKIA – ZUMAIA
15:45 ZUMAIA –OIKIA
19:00 ZUMAIA –OIKIA
20:00 ZUMAIA - OIKIA
IRAILA – EKAINA
07:30 OIKIA – ZUMAIA
08:00 OIKIA – ZUMAIA
09:30 OIKIA – ZUMAIA
12:30 ZUMAIA – OIKIA
13:00 ZUMAIA - OIKIA
15:15 OIKIA – ZUMAIA
15:30 ZUMAIA – OIKIA
18:00 ZUMAIA – OIKIA
20:00 ZUMAIA – OIKIA



