Astelehenetik aurrera salgai egongo dira Jai Alai World Tour zesta punta lehiaketarako sarrerak
Aitzuri pilotalekuko tabernan, turismo bulegoan eta kiroldegian salduko dira 10€tan. Finalaurrekoak abuztuaren 24an eta 31n jokatuko dira eta finala, aldiz, irailaren 2an.
Urtero bezala, heldu da Jai Alai World Tour zesta punta lehiaketa Zumaiara. Horren baitan, ohikoa den bezala, Aitzuri pilotalekuan jokatuko dira lehiaketako hainbat partidu, zehazki txapelketako finalaurrekoak eta finala.
Lehen finalaurrekoa datorren abuztuaren 24an izango da, gaueko 22:00etan eta Egiguren-Lopez eta Zulaika-Minvielle-ren artean lehiatuko da. Bigarren txanda, aldiz, hilaren 31n izango da, ordu berean, Goikoetxea-Irastorza eta Olharan-Etcheto-ren artean.
Irailaren 2an, final handiaren eguna izango da. Arratsaldeko 18:00etan, bi finalaurreko irabazleek azken partidua jokatuko dute, txapeldun titulua irabazteko.
Gaztetxoen arteko lehiaketa
Jai Alai World Tour lehiaketarekin batera, gaztetxoen arteko txapelketa ere ospatuko da. Partiduak egun berean jokatuko dira; lehenbizi gaztetxoenak eta jarraian, World Tourreko parte hartzaileenak, hain zuzen.
Gaztetxoen arteko lehen finalaurrekoa Kosme-Basque eta Aron-Del Rio-ren artean jokatuko da eta bigarrena, aldiz, Alberro-Portet eta Leduche-Urangaren artean. Finala, noski, bi finalaurrekoen irabazleen artean lehiatuko da.
Sarrerak astelehenetik aurrera egongo dira salgai, 10€tan, Aitzuri pilotalekuko tabernan, turismo bulegoan eta kiroldegian.



