Ateak irekita izango dira asteburuan Algorri Interpretazio Zentroan
‘Euskal Kostaldeko zetazeoak’ erakusketa bisitatzearekin batera, zentroak eskaintzen duen ikus-entzunezkoa eta erakusketa doan ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Urriaren 2an eta 3an Algorri Interpretazio Zentroa ezagutzeko aukera zabalduko da. "Euskal Kostaldeko zetazeoak" erakusketa bisitatzearekin batera, zentroak eskaintzen duen 3D ikus-entzunezkoa eta erakusketa iraunkorra doan ikusteko aukera luzatuko da. “Animatu eta Zumaiak gordetzen dituen altxor naturalak ezagutuko dituzu!”, aipatu dute Algorriko ordezkariek. Larunbatean, 10:00etatik 13:30era eta 16:00retatik 19:30era bitartean egongo da zabalik zentroa, eta igandean 10:00etatik 13:30era.
‘Euskal Kostaldeko zetazeoak’ erakusketa
'Euskal kostaldeko zetazeoak' erakusketa 'Zetazeoen populazioen ikerketa eta Izurde haundiarentzat Babes Bereziko eremuen mugaketa' proiektuaren ondorioa da, "Obra Social La Caixa" eta Eusko Jaurlaritzaren babesari esker gauzatu da. Erakusketa Euskal Izurde eta Baleazaleen Elkarteak (EIBE) lorturiko 24 argazkik osatzen dute.
Erakusketa honetan, gaur egun kostaldean bizi diren zetazeo espezieen argazkien bidez, Kantauri itsasoak gordetzen duen altxorraren zatitxo bat erakutsi nahi dugu. Argazki hauek, EIBE elkarteak euskal kostaldean zehar nabigaturiko 10.000 itsas milia baino gehiagotan loturiko irudiak dira, beti ere zetazeo eta hegazti itsastar hauen ikerketa sakona osatzearren egindako ibilbidean." Urriaren 3a bitartean egongo da erakusketa ikusgai Algorri Interpretazio zentroan.



