Atez atekoa bertatik bertara ezagutzeko aukera

2012/05/18

Ekainaren 2rako Usurbilera irteera antolatu du Udalak. Izena Turismo bulegoan edo udaletxean eman behar da.

 

Zumaiako alkateak, ekainaren 2an, Usurbilera gonbidatu nahi ditu herritarrak. “Maiatzaren 22an, bukatuko ditugu hondakinen arazoa azaltzeko eta gaikako bilketaren inguruan antolatutako bilera informatiboak. Bilera horietan azalpenak eman ditugu, baina herritarrek atez ateko sistemaren bilketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute oraingoan”, azaldu du Agirrezabalaga alkateak.

 

Irteera ekainaren 2an egingo da. Goizeko 08:00ean irtengo dute autobusek Zumaiatik (Txomin Agirre kaiko autobus geltokitik), eta Usurbilen izango dira atez ateko sistema bilketa nola egiten den ikusteko. “Larunbatetan hondakin organikoa biltzen dute, eta aukera izango dugu Usurbilgo herrigunean nola egiten den ikusi, eta hondakin biltzaileekin egoteko”, dio Agirrezabalagak. Usurbilgo bilketa arduradunek beharrezko azalpenak emango dizkiete zumaiarrei, sistemaren inguruko dudarik ez gelditzeko. Behin bilketa eta azalpenak bukatuta, autobusa Zumaiara bueltatuko da (13:00ak ingurua izatea aurreikusten da).

 

Autobusak doan izango dira, baina aurrez izena eman beharko da. Horretarako bi aukera daude: alde batetik, Turismo Bulegoan eman ahal izango da izena, eta bestetik udaletxean bertan (943 86 50 25).