Atzo aurkeztu zuten 'Flysch Algorri Mendata' liburua
Liburua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak argitaratu dute liburua, eta Gipuzkoako Parketxeak GPS Fundazioak eta Zumaiako Udalak ere lagundu dute.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Flysch Algorri Mendata liburua Javier Carballo eta Asier Hilariok. Algorri Interpretazio zentroa bete egin zen liburuaren aurkezpenean, eta aurkezpenerako prestatutako mahaia ere beteegin zuten. Bertan bildu ziren Hilario eta Carballoz gain, Foru Aldundiko Asier Arrese, eta liburua osatzen lagundu dieten Inaxio Manterola, Aitor Leiza eta Jabier Elorza.
Aurkezpenean, behin baino gehiagotan elkarlana aipatu izan zen. Liburuaren ideia Hilario eta Carballo elkar ezagutu zirenean hasi bazen ere, bidean gertuko bidelagun onak bilatu baitituzte. Arresek aipatu zuenez liburu berezia da: "Prestigiozko lana da, izan ere nabari da liburua osatu dutenak profesional onak izateaz gain, bizi egiten dutela egiten dutena", adierazi zuen.
Hilario eta Carballok liburu horren istoriaren hasieraren bi aldeak kontatu zituzten: "Asier Hilario Zumaian lanean hasi zenean ezagutu genuen elkar. Nik buruan nuen nire argazkiekin liburu bat osatzea, eta nire argazkiei oina jarriko zion geologoa bilatu nuen", azaldu zuen Carballok. Hilariori, berriz, "Flyscharen ezagutarazteko hasieran, eta biotopoaren dibulgaziorako ondoren, oso ideia ona iruditu zitzaidan. Carballoren argazkiak ikusitakoan konturatu nintzen genuen erronkaz", azaldu zuen. Hilarioren esanetan, "eremu horrek duen balioa erakutsi behar genuen, eta horretarako talde aproposa bilatu dugu. Lekua ezagutu eta maitatzen duen talde osatu baitugu".
Aurreko legegintzaldian hasi ziren liburua osatzen, eta liburuaren ideia osatu zutenean Udalari azaldu zieten: "Orduko Udalari azaldu genien gure asmoa, eta laguntzeko prest agertu ziren. Ondoren, Foru Aldundiak ere bere interesa agertu zuen. Oraingo Udala martxan jarri zenean ere, prest agertu ziren laguntzeko", azaldu zuten.
Foru Aldundiak egiten ari ziren liburuan interesa agertu zuenean, liburua egiteko modua berriz planteatu zuten, hasierako ekimen txiki hartatik asko aldentzen baitzen.
Liburuaren xehetasunak:
Liburuak 6 atal ditu:
1- Klima eta ozeanografia
2- Paisaia eta geomorfologia
3- Geologia
4- Bioaniztasuna
5- Eskualdeko biztanleen bizia eta ohiturak
6- Eranskinak (zenbait azalpen hobeto ulertzeko beharrezkotzat jo dituzten argibideek osatzen dute atal hau).
Osaketa
Atal bakoitzak bere sarrera, argazkiak eta argazki oinak ditu. Argazki oinak dauden bezala irakurriz gero, sarrerarik irakurri gabe ere liburuaren nondik norakoak uler daitezke. Argazki oinek argazkiei zentzua ematen diete.
Azalpen denak bi hizkuntzatan daude; lehenengo euskaraz, eta ondoren gazteleraz. Azalpen geologikoak daude, eremu horren balioaz jabetzeko beharrezkoak direlako. Balio geologiko hori Zumaia munduak kokatzeko lehio bat baita. Baina azalpen konplexuenak ere era ulerterrazean daude azalduta.
Liburuaren salmenta
Datorren ostegunetik aurrera, hilaren 24tik aurrera, Flysch Algorri Mendata liburua salgai izango da Zumaiako Turismo Bulegoan, Algorri Interpretazio Zentroan eta Kulturetxean. Liburuaren prezioa 30 eurokoa da.
Liburuan parte hartu dutenak
- Aitor Leiza Alberdi (naturalista)
- Inaxio Manterola Ispizua (biologoa)
- Jose Mari Llavori Romatet ( naturaren argazkilaria)
- Xabier Mina Ederra ( itsas zientzietan lizentziatua)
- Jabier Elorza Gabilondo ( botanikaria)
- Ignacio San Miguel Aizpurua ( urpean igeri egiteko irakasle eta itsaspeko floran aditua)
- Jon Gaztañaga Mallumbres ( diseinatzaile grafikoa)
- Ander hormazuri Alkiza ( arte plastikoetako artista eta ilustratzailea)
- Ander Izagirre ( kazetaria eta bidai idazlea)



