Atzo banatu ziren Julene Azpeitia literatur sariak
Sari banaketaren ondoren, Pako Aristik eta Itziar Gomezek poesia emanaldia eskaini zuten bertaratutako 35 bat herritarrentzat.
Atzo Euskararen Nazioarteko Egunari bukaera emateko Julene Azpeitia Literatur Lehiaketako sari banaketa egin zuen Zumaiako Udalak. 19:00etan izan zen Alondegian, eta bertan izan ziren aurtengo bi sarituak, besteak beste. Aintzane Usandizaga Lopezen Kolokan lana izan da XXVII. edizio honetako irabazlea, eta Karmele Mitxelena Etxebesteren Aitaren zapatak lanak jaso du bigarren saria.
Josune Herrarte Udalaren euskara teknikariak hasieran azaldu bezala, aurtengoan sentsazio gazi-gozoa gelditu zaie: "Aurten ere lan mordoxka aurkeztu da, 51 ipuin hain zuzen ere, eta hori poztekoa da. Hala ere, horietatik bi baino ez dira izan zumaiarrenak eta aurten Zumaiako onenaren saria hutsik gelditu da, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako bi lanek ez zutelako saria emateko adinako mailarik", azaldu zuen.
Saribanaketaren ostean, Pako Aristi eta Itziar Gomezek 'Urari ostutako poemak' emanaldia eskaini zuten.



