Atzo eman zitzaion herri-aurrekontuen prozesuari hasiera
Atzo, egin zen herri-aurrekontuen lehen lan-saioa. Bertan, Zumaia Lantzen eta frontoiaren inguruko informazioa eman zitzaien herritarrei.
2012ko aurrekontuak herritarren partaidetza bidez osatu nahi ditu Zumaiako Udalak. Horretarako Herri-aurrekontuak 2012 prozesu parte hartzailea jarri du abian. Atzo, azaroak 16, izan zen lehen bilera, eta lan-saio horretan Zumaia Lantzen sozietate publikoaren eta frontoiaren inguruko azalpenak eman zituzten Udaleko teknikari eta arduradun politikoek. Bi gai horiei garrantzia handia ematen die Udal Gobernuak, eta herritarrei ongi azaldu nahi izan die gai horien inguruko informazioa.
Zumaia Lantzen sozietateari dagokionez, erakundeak egindako ibilbidea aurkeztu zuen Eduardo Vicente Zumaia Lantzeneko teknikariak lehenengo, eta egungo egoera ekonomikoaren berri eman zuen ondoren. Frontoiaren proiektuari dagokionez, gaur egun zein egoeratan dagoen azaldu aurretik azken urteetan emandako urratsak gogorazi ziren.
Herritarrei informazioa eman eta zalantzak argitu ondoren, lan taldeetan jarri eta bi proiektuen inguruko iritziak bildu ziren, eta horien inguruko eztabaida izan zen. Ekarpen interesgarriak jasotzeko aukera ere izan zen.
Bigarren lan-saioa azaroaren 23an (asteazkena), 18:30ean izango da udaletxeko areto nagusian. Bilera horrek bi atal izango ditu: batetik, hainbat datu emango dituzte udal-ordezkariek proiektu eta arlo ezberdinen inguruan, herritarrek ahalik eta informazio gehien izan dezaten; bestetik, herritarren iritziak, kezkak eta proposamenak jasoko dira.



