Atzo, irailak 22, jaso zuen Aspanogi elkarteak Flysch Trail mendi lasterketatik ateratako dirua
Mendi lasterketako zozketako lehen saria Itsas Gain Elkarteari tokatu zitzaion, Mediterraneotik bi lagunentzako itsasbidaia. Elkarte horrek Aspanogiri oparitu zion bidaia.
Iragarrita bezala, Zumaia Flysch Trail mendi lasterketako antolatzaileek atzo iluntzean entregatu zioten Aspanogi, minbizia duten haur gipuzkoarren gurasoen elkarteari, agindu zieten diru-laguntza. Horretaz gain, beste sorpresa polit bat ere izan zuten Aspanogikoek. Izan ere, lasterketako zozketako lehen saria ere beraiei oparitu zieten Itsasgain elkartekoek.
Uztailean Zumaian jokatu zen lasterketa, eta antolatzaileek, aurten hirugarren urtez jarraian, izen-emateetatik ateratako dirua Aspanogi elkarteari eskaini diote. Atzo, osteguna, egin zuten ekitaldia Erribera kalean dagoen Eroski Bidaiak-en aurrean. Aspanogi elkarteak 3.000 euroko txekea jaso zuen mendi lasterketako antolatzaileen eskutik. Sari banaketan izan ziren zozketako irabazleak, Aspanogi Elkarteko kideak, Flysch Trail Mendi Lasterketako antolatzaileak, aurtengo lasterketan omendutako Pako Iriondo eta Josune Bereziartu, Zumaiako Udaleko ordezkariak eta Aitor Osa gizonezkoen lasterketako irabazlea, besteak beste.



