Aurkeztu dituzte anbulatorioaren inguruko hiritartze-lanak

2009/11/06

Dagoeneko bukatu dituzte hiritartze proiektuaren hiru faseak. Iñaki Agirrezbalaga alkateak azaldu duenez, “oinezkoei eta auzotarrei eman nahi izan zaie lehentasuna hiritartze proiektu honetan, baina aparkalekuak kendu gabe”. Aita Mariko aparkaleku berrian egindako lanak ere aurkeztu dituzte; astebururako erabilgarri izango dute aparkaleku berria auzotarrek.

 
Gaur (azaroak 6, ostirala) inauguratu dituzte Zumaiako anbulatorioaren inguruko hiritartze-lanak. Hiritartze-lan hauek hiru fasetan banatuta egin ditu Udalak eta besteak beste, anbulatorio aurrean egindako plazak, Basadi kaleko bidegorriak eta anbulatorioaren atzekaldeko hiritartze-lanek ezaugarritu dute proiektua.

Iazko abenduaren 10ean ireki zuten Zumaiako anbulatorio berria. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, “anbulatorio egoki bat egin zen ingurunea egokiegia ez zen toki batean eta Udalak hartu zuen hori bideratzeko ardura. Osasun Zentro berria ireki zenetik hona, lanak esleitu eta exekuzio prozesua aurrera atera du Udalak. Lan asko 11 hilabetetan egiteko, eta ondo egindako lana izan da gainera”.

Berrurbanizazio guztiak 755.000 euroko aurrekontua izan du, jolasgunea barne, eta anbulatorio eta kirolgunearen ingurua oinezkoentzako eta auzotarrentzako lehenestea izan da helburua. Alkatearen hitzetan, “gaur da eguna jarritako helburuak ondo bete direla esan dezakeguna”. Ildo beretik, eskerrak eman dizkie proiektu honetan parte hartu duten obra zuzendaritzari, proiektua idatzi zutenei, eraikitzaileei eta lan hauek egitea ahalbidetu duten langile guztiei, eta era berean, zoriondu egin ditu egindako lanarengatik.

 

Lehentasuna oinezkoek eta auzotarrek

Andoni Etxaniz Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren arabera, “oinezkoei lehentasuna eman nahi izan zaio proiektuaren osotasunean, eta horretarako egin da oinezkoentzako zubiaren eta plazaren arteko lotura. Konexio horrek ahalbidetu du oinezkoek lehentasun izatea eremu honetan”. Proiektu honen baitan egikaritu da, baita ere, Basadi kaleko bidegorria. Sagarbide kaleko bidegurutzetik Pantxita Etxezarretaraino iristen da bidegorria eta anbulatorioaren atzekaldea ere hiritartu da lan hauen baitan. “Lehen sarbide bakarra zuen kaleari, sarbide bat eta bi irteera egokitu zaizkio orain, eta uren kanalizazio eta estolderia sare egokiak ezarri dira”, azaldu du Etxanizek. 

Auzoa oinezkotzeak zenbait auzotar ez dituela asebetetzen dio Etxanizek: “motordun ibilgailuentzako zailtasunak daudela diote zenbaitek, baina ibilgailu partikularrarekin egiten dugun erabilpen desegokia zuzentzeko urratsak egiteko bada garaia”. Ildo beretik, Mugi zerbitzuaren alokatze gune bat urbanizazio berrian kokatu dugu. Etxanizen arabera, “lehen, kiroldegiaren atarian eskaintzen zen zerbitzu hau eta orain plaza berrian egokitu dugu. Bidegorriarekin bizikletak kiroldegira iristeko erraztasun gehiago izango da eta hori igarri da dagoeneko kiroldegi inguruan aparkatuta ikus ditzakegun bizikleta kopuruagatik.

 

Jolasgunea azaro bukaerarako


Proiektu honen baitan, eta hilabete honen amaiera aldera egokitu dute, bestetik, haurrentzako jolasgune berria Basadi kalean. Lehengo jolastokiaren eremua handitu egingo da eta alboko belargunea aprobetxatuko da horretarako. 440 metro karratuko azalera izango du gutxi gorabehera jolasgune berriak.

 

Aita Mariko aparkalekua

Gaurko ekitaldian Aita Mari auzategiko aparkaleku berrian egindako lanak ere azaldu dituzte. astebururako erabilgarri izango dute aparkaleku berria auzotarrek. 40 autorentzako tokia egin da aparkaleku berrian eta obra honek Aita Mari auzategian aparkatzeko zegoen arazoari konponbidea ematen lagunduko dio. Ia 1.000 m karratuko azalera izango du aparkalekuak, zehazki 975 m karratukoa. 265.000 eurotan esleitu ziren lan hauek eta astebururako erabilgarri izango dute auzotarrek aparkaleku berria.