Aurreko asteko euriteek eraginda, jaitsi egin da Santiago hondartzako uraren kalitatea
Datorren astelehenean jakingo dira hurrengo emaitzak eta bitartean zenbait gomendio eman dituzte Eusko Jaurlaritzako teknikariek.
Azken urteotan Zumaiako Santiago hondartzako uraren kalitatea asko hobetu den arren, aurreko asteko euriteek bertako uraren kalifikazioa jaitsi egin dute. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astero laginak hartzen ditu herriko bi hondartzetan eta joan den astelehenean hartutako laginak utzitako emaitzen arabera, bainuko uraren kalifikazio sanitarioa “nahikoan” geratu da.
Ez dago kezkatzeko arrazoirik, kalitatearen jaitsiera joan den asteko euriteek eragin dutelako, baina Osasun Sailak zenbait gomendio luzatu ditu. Horrela, 10-15 minutu baino gehiago ez bainatzea aholkatzen da, eta ondoren dutxa bat hartzea edateko ur onarekin. Ildo beretik, Gurutze Gorriko sorosleen aholkuak jarraitzeko gomendatu dute.
Errioan bainatzeko ere gomendioak
Udaleko hondartza hezitzaileak adierazi duenez, “Santiago hondartzako egoera ikusita, errioan ere bainua hartu ondorenean dutxa hartzeko aholkatzen da. Gaztetxoek ohitura izaten dute errioan bainatzeko baina Santiago hondartza bezala, itsasadarrean dagoenez, aholku berdinak jarraitzea gomendatzen da”.



