Aurrera doa Estazio Zaharreko eraikinaren erosketa prozesua

2018/09/19

Atzo goizean bertan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordean onartu zen salerosketa prozesua abiaraztea eta horrenbestez, behin betiko erosketa datozen hilabeteotan gauzatuko da. Maiatzean azaldu gisa, gobernu taldearen proposamena da aipatu eraikinean turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroaren zerbitzu osagarria kokatzea.

Gaurko egunez, Estazio Zaharreko eraikina udal eraikina izatetik urrats bat gertuago dagoela esan daiteke.

Izan ere, aipatu eraikina oraindik Eusko Jaurlaritzaren jabegokoa den arren, hori berreskuratzeko bidean, udal gobernua hainbat aldiz bildu da ordezkariekin erosketa proposamena lantzeko eta bilera horiei eta bi erakundeen elkarlanari esker, dagoeneko abian da aipatu eraikina erosteko prozesua.

Hain zuzen atzo goizean bertan Eusko Jaurlaritzan eginiko Gobernu Batzordean tratatu eta onartu zen salerosketa prozesu hori abiaraztea eta lehen onespen horri esker, behin betiko erosketa datozen hilabeteotan gauzatu ahal izango dela azaldu du Udalak.

Estazio Zaharreko eraikinaren berrerabilpena

Maiatzean azaldu gisa, udal gobernuaren proposamena da Estazio Zaharreko eraikinaren baitan kokatzea turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroaren zerbitzu osagarria.

Izan ere azken biak dira Zumaiako balio geologiko eta historiko hori herritik kanpo nazioarte mailan ezagutzera emateaz arduratzen direnak. Turismo bulegoan, besteak beste, bisita gidatuak sustatzen dira, kanpotik datozenek aurrez aurre ikus dezaten gure ondare naturalaren edertasuna. Algorrin, aldiz, ondare horren balio historiko eta geologikoa azpimarratzen dira bereziki, eta horrenbestez, bata zein bestearen lana, osagarriak dira Zumaiako ondarearen balioa ezagutarazteko.

Hori jakinik eta Estazio Zaharreko eraikinaren kokaleku aparta aintzat hartuta, udal gobernuak bi eraikinak batuta, bereziki bisitariei herriko balio geologiko hori ezagutarazteko zerbitzu osagarria jartzea proposatzen du, Algorriko egungo eraikina irakaskuntza eta hezkuntzara bideratuz.

Horrez gain, Estazio Zaharreko eraikinaren erosketarekin, Zumaiaren historian garrantzitsua den eraikin horren degradazio eta zaharkitze prozesua eten eta erabilera berri bat ematea proposatzen du udal gobernuak.