Aurrera doa Memoria Historikoaren liburuaren idazketa
Ekimenari azken bultzada emateko, martxoaren 7tik 9ra bitartean (biak barne), Errepublika, Gerra Zibila eta gerra ondorengo garaiko argazkiak jasoko dira turismo bulegoan arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.
Zumaiak etengabeko urratsak ematen jarraitzen du herriko Memoria Historikoaren berreskuratze lanetan, Gerra Zibilaren garaian bizitako gertakariak azaleratu eta bortizkeria eta indarkeria hori bizi zutenen bizipenei ahotsa emateko.
Ildo horretan Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera abiatu zuen Udalak 2016an herriko Memoria Historikoa berreskuratzeko proiektua. Aipatu ekimen horren baitan, besteak beste, Zumaiaren historia eta garaiko protagonisten bizipenak jasoko dituen liburuaren idazketa aurreikusi zen eta honezkero liburu horren argitalpena errealitate bilakatzear dagoela jakinarazi du Udalak.
Ildo horretan, azken deia egiten die zumaiarrei Errepublika, Gerra Zibila eta gerra ondorengoko irudiak izanez gero turismo bulegora eraman ditzaten, ondoren argazki horiek liburuan jaso ahal izateko.
Irudi guztiak martxoaren 7tik 9ra bitartean jasoko dira, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara eta momentuan digitalizatu eta itzuliko zaizkio jabeari.



