AURREZKI ENERGETIKOA ETA HERRITARREI ESKAINITAKO ZERBITZUA HOBETZE ALDERA, OIKIA ETA SAGARBIDE FRONTOIKO ARGIAK ALDATU DITU UDALAK

2017/05/05

Orain arteko argiak LED teknologiadunengatik ordezkatu ditu eta horrez gain, mugimendu sentsoreak jarri ditu argiak beharrezkoa denean soilik piztu daitezen. Neurri horiekin, legealdian zehar egindako beste hainbat aldaketekin bezala, udal baliabideen kudeaketa eraginkor, zuhur eta zuzena egitea da Udalaren helburua.

Azken egunotan Oikia eta Sagarbideko frontoiko argiak LED teknologiaduneko beste batzuengatik ordezkatu ditu Udalak. Izan ere, Oikiako frontoian, esaterako, argiak automatikoki pizten ziren iluntzean eta bertan inor ez bazegoen ere, horrela mantentzen ziren egunsentia arte. Horrek noski, kostu energetiko eta ekonomiko handia sortzen du, horrenbestez, aurrezki energetikoaren bidean, eta noski, herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaintze aldera, Udalak, argi horiek guztiak aldatzea erabaki du.

Horrez gain, mugimendu sentsoreak ere jarri ditu bi frontoietan. Horrela, argiak gau osoz piztuta egon ordez, frontoia erabiltzen denean soilik piztuko dira.

Neurri horiekin eta legealdian zehar aurrera eramandako beste hainbat ekimenekin, hala nola, argiteria publikoko auditoretza edo udal zerbitzu ezberdinen kontratuen eguneraketa, efizientzia energetikoa lortzeaz haratago, Udalaren helburua da udal baliabideak zuhurtziaz, zuzentasunez eta bereziki eraginkortasunez kudeatzea.