Aurten, burdinezko zubitik botako dira sanpedrotako su artifizialak

2014/06/25

Aurten, lehen aldiz botako dira kokapen horretatik. Zumaiako Udalak hainbat gomendio eman nahi dizkie herritarrei suak ikusteko eta guztion segurtasuna bermatzeko. Herritarrei gomendioak jarraitu eta egun horretan izango diren segurtasun neurriei kaso egiteko eskatzen die Udalak

Sanpedro festetan su artifizialak ikustea ohitura da Zumaian askorentzat. Aurten, lehen aldiz, burnizko zubitik botako dira suak. Leku berria da guztiontzat, eta segurtasun neurriak errespetatzea ezinbestekoa izango da suen ikuskizunaz behar bezala gozatzeko. 

Burnizko zubitik botako direnez suak, Itsas kiroldegi azpian hesiak jarriko dira segurtasuna bermatzeko, eta herritarrei hesi horiek ez pasatzeko eskatzen zaie. Horretaz aparte, N-634 errepidea itxi egingo da suak irauten duten bitartean. Hau da, 22:55 ingurutik 23:15ak aldera arte. 

Herritarren babeserako neurri ezberdin ugari hartuko dira, eta jarritako seinaleak, eta segurtasuna bermatzeko izango diren udaltzainen gomendio eta eskaerak betetzeko eskatzen du Udalak. 

Suak dirauten bitartean, ezingo da txaluparekin ibili itsasadarrean, eta itsasontzi edo txalupak eremu horretatik kendu egin beharko dira. 

Honako gomendioak eman nahi dizkie Udalak herritarrei. 

 

IKUSLEENTZAT GOMENDIOAK

1.            Su artifizialak San Pedrotan ohitura dira, baina su artifizialak arriskutsuak izan daitezke eta erredurak sor ditzakete.

2.            Ikuskizuna 23:00tan hasiko da. Komenigarria da ordu erdi lehenago Gernika parkera eta Txomin Agirre Kaiara hurbiltzea. Portu eremua denez, uretara erortzeko arriskua dago, beraz ez hurbildu gehiegi ertzera.

3.            Segurtasuneko pertsonalak agindutakoa bete behar da eta segurtasun oztopoak ez gainditu. Ez zaitez hurbildu suak botatzen ari diren gunera. Izan ere, suak ikusteko distantziarik onena 400 metro-edo gehiago jaurtiketa eremutik aldentzea da.

4.            Ez ibili haurtxoekin inguruan.

5.            Ez ibili txalupaz ibaian edo uretan.

6.            Gaizki aurkituz gero edo zauriren bat izanez gero, hurbildu zaitez anbulantzia dagoen gunera.

7.            Suak botatzerakoan ohikoa da errautsak erortzea. Begietan sartuz gero, urarekin garbitu eta ez igurtzi. 

8.            Arraroa izan arren, su artifizialen osagarriren bat lurrera eroriz gero esplotatu gabe, ez ukitu, eta ez ostikadarik eman. Abisatu lehenbailehen udaltzaingoari edo suhiltzaileei. Inoiz ez maneiatu.