Aurten ere, egin errenta aitorpena euskaraz

2018/04/11

Iaz egin bezala, Zumaiako Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du aurten ere martxan, UEMArekin elkarlanean. Kanpainaren helburua da %25eko langa gainditzea eta urtetik urtera errenta aitorpena euskaraz egiteko goranzko joera mantentzea.

Jada apirilean murgilduta heldu da, urtero legez, errenta aitorpena egiteko garaia. Ildo horretan, iaz bezala, Zumaiako Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du berriro martxan, UEMArekin elkarlanean. Horrela, euskarari bide berriak irekitzen zaizkio eta, bide batez, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.

Urtez urte kopuruak gora egiten du, eta %25eko langa gainditzea izango da 2018ko kanpainaren helburua.  Hona hemen aurreko urteetako datu batzuk:

 

2017an

2015ean

2013an

2011n

Aitorpena egin zuten zumaiarrak

5.076

4.908

5.012

5.059

Foru Ogasunarekin harremanak euskaraz izan daitezela eskatu zutenak

1.230

(%24,23)

1.076

(%21,92)

1.005

(%20,05)

830

(%16,40)

Hiru bide daude aitorpena egiteko -autolikidazio proposamena, mekanizatua edota internet bidezkoa- eta guztietan erabil daiteke euskara.  

Udaleko Euskara Zerbitzua harremanetan jarri da errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin eta horiek bat egin dute kanpainarekin; mahai gaineko txartel batzuen bidez adieraziko dute errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera, eta kartelak ere jarriko dira hainbat lekutan herritarrak horretara gonbidatzeko.

Zumaian, esaterako, toki hauetan lagunduko dute aitorpena euskaraz egiten:

AM aholkulariak

Ardantzabidea 16, behea

943 862609

Unanue aholkulariak

Erribera kalea 6

943 860960

Zumai aholkularitza

Amaiako plaza 15

943 862624

Hala ere, kontuan hartuta gaur egun herritar gehienek autolikidazio proposamena jasotzen dutela, horri eman nahi izan zaio aurten garrantzia. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez) euskaraz nahi dutela esanez gero, hortik aurrera horrela jasoko dituzte Ogasunaren komunikazioak. Apirilaren 10etik aurrera hasiko da Aldundia proposamen horiek bidaltzen. Beste bi modalitateetan kanpaina apirilaren 23n hasi eta ekainaren 30ean amaituko da. Argibide gehiago Ogasunaren webgunean.

Errenta aitorpena egiteko aukerekin eta hitz teknikoen zerrendarekin irudi hau osatu du UEMAk.