Aurten zezen txikiak izango dira Koadrila Egunean

2009/08/21

Zehaztuta dago jada egitaraua eta X. Bostkirol erreleboen probarako izen-ematea ere zabalik da dagoeneko. Turismo bulegoan eman beharko da izena.

 

Aurten, zezen txikiak izango dira Koadrila Egunean. Abuztuaren 29an ospatuko da eta horixe izango da aurtengo berrikuntza nagusia, Gernika parkean zezen txikiak izango dira ikuskizun. Egitaraua zehaztuta dago jada eta goizetik hasi eta gaualdera arte ekitaldi ugari izango da.

Goizean egingo da X. Bostkirol erreleboen lehiaketa. 11:00etan hasiko dira gazteak eta 11:30ean helduak. Gazteek zein helduek ondorengo probak gainditu beharko dituzte: igeriketa, patinak, surfa, piragua eta bizikleta. Txapelketan parte hartzeko izen-ematea irekita dago jada eta abuztuaren 26an itxiko da. Azken egunean, 20:00ak baino lehen eman beharko da izena turismo bulegoan.

Bazkaria, kalejira, kontzertuak…

Kirol jardunaldian egindako esfortzuak Torreberriko aterpean egingo duten bazkarian berreskuratuko dituzte herriko koadrilek. Bazkaria eurek eraman beharko dute eta azpiegitura eta postrea Udalak jarriko ditu.

Arratsaldean, berriz, ezohiko irudi bat ikusiko da Gernika parkean, zezen txikiak izango baitira protagonista arratsaldeko seietan hasiko den ekitaldian. Ondoren, kalejira egingo da Errerre taldearen eskutik eta iluntzean emango zaio jarraipena egitarauari. 21:30ean hasiko da gaztetxoentzako Eusko Dance ikuskizuna plazan.

Azkenik, kontzertuekin itxiko da aurtengo Koadrila Eguneko programazioa. 22:30ean hasiko dira emanaldiak moilan eta Izu nauk, Desoreka eta Kudai taldeek joko dute. 

Koadrila eguna 2009


Abuztuak 29, larunbata

11:00etan, Bostkirol gazteak (igeriketa – patinak – surfa – piragua – bizikleta).
11:30ean, Bostkirol helduak (igeriketa – patinak – surfa – piragua – bizikleta).
14:30ean, Bazkaria Torreberriko aterpean (azpiegitura eta postrea Udalak jarriko ditu).
18:00etan, ZEZEN TXIKIAK Gernika parkean.
18:30ean, erdiko kalean zehar kalejira ERRERRE taldearen eskutik.
21:30ean, plazan, EUSKO DANCE ikuskizuna gaztetxoentzat.
22:30ean, moilan, KONTZERTUAK: IZU NAUK, DESOREKA ETA KUDAI.