Aurtengo santelmoetan ere garraio zerbitzu berezia eskainiko da festetatik itzultzeko
San Telmo jaietan garraio zerbitzu bereziak izango dira Zumaiatik itzultzeko. Lurraldebusek Zumaia-Donostia, Zumaia-Azkoitia eta Zumaia-Deba lineatan autobus gehiago ezarriko ditu gauez, eta Udalak doako taxi zerbitzua eskainiko du auzoetara eta inguruko herri txikietara.
San Telmo jaietan giro ederra eta jendetza izaten da herriko kaleetan. Bai zumaiarrak, eta baita inguruko herrietatik festez gozatzera etorritakoak ere. Joan-etorriak erraztu, eta bidaia horiek modu seguru eta erosoan egiteko, zenbait zerbitzu indartuko dira bi asteburutan.
Aurreko urteetan egin bezala, Lurraldebus eta Zumaiako Udala elkarlanean aritu dira garraio zerbitzu berezia eskaintzeko. Zumaia-Donostia, Zumaia-Azkoitia eta Zumaia-Deba autobus lineak indartuko dituzte, hain zuzen. Inguruko auzo eta herri txikietara itzulera errazteko, gainera, doako taxi zerbitzua eskainiko du Udalak. Zerbitzu hau santelmoetako larunbat eta igande goizaldean, eta errepetizioetako larunbatean egongo da martxan.
Taxi zerbitzua
Fielatora (Udaltzaingoaren parera) jo beharko dute zerbitzua erabili nahi dutenek, zehaztutako ordutegian.
Zerbitzuaren xehetasunak
-
Nora itzultzeko balio du? Zumaiako auzoetara (Narrondora, Artadira eta Oikiara), Arroara eta Aizarnazabalera itzultzeko.
-
Egunak: Apirilaren 11tik 12ra bitarteko goizaldea, apirilaren 12tik 13ra bitarteko goizaldea eta apirilaren 18tik 19ra bitarteko goizaldea.
-
Ordutegia: Zerbitzua 02:00etatik 04:00etara bitartean eskainiko da.
- Lekua: Zerbitzua erabili nahi dutenek Fielatora (Udaltzaingoaren egoitzaren parera) joan beharko dute, zehaztutako ordutegiaren barruan.
-
Eskariaren arabera: Zerbitzua eskariaren arabera emango dada, eta horrek esan nahi du erabiltzaileek ezarritako ordutegiaren barruan zehaztutako unean eta lekuan eskatu ahal izango dutela.
-
Doako zerbitzua: Taxi zerbitzua doakoa izango da erabiltzaileentzat, festetatik itzuli nahi duten guztien segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko. Udalak bere gain hartuko du zerbitzuaren kostua.
Lurraldebus: Zumaia-Deba-Zumaia eta Zumaia-Donostia, indartuta
Zumaia eta Deba lotzen dituen autobus zerbitzua indartuko da, batetik. Apirilaren 11tik 12ra eta 18tik 19ra bitarteko goizaldeetan izango dira. Autobus horiek 1:00etan, 3:00etan, 5:00etan eta 6:00etan irtengo dira Zumaiatik, eta Debara bidean, Itziartik ere igaroko dira. Debatik, berriz, 1:30ean, 3:30ean, 5:30ean eta 6:30ean irtengo dira Zumaia aldera.
Gainera, larunbat gauetan orduro Zumaiatik atera, eta Getaria, Zarautz, Orio, Usurbil eta Donostia zeharkatzen dituen UK49 linea indartuko da, zerbitzuaren beharren arabera.
Zumaia eta Azkoitia artean, ohiko autobus zerbitzua izango da larunbat gauean: 23:45ean, 01:15ean, 03:15ean eta 05:15ean aterako da autobusa Zumaiatik, eta Zestoatik eta Azpeititik igaro ondoren iritsiko dira Azkoitira.



