AURTENGO UDA SASOIRAKO ITZURUNGO KANTINA ERABERRITUKO DU UDALAK
Horretarako bertako komun publikoa eta sukaldea berritu eta kristalezko estalkia jarriko ditu. Asteartean zabaldu dira 2017an kantina zerbitzua kudeatzeko pleguak eta interesdunek maiatzaren 3a arte izango dute proposamenak aurkezteko epea.
Dagoeneko zabalik dago Itzurungo kantina zerbitzua kudeatzeko proposamenak aurkezteko epea eta horren baitan, zenbait berrikuntza iragarri ditu Udalak.
Lehenik eta behin, Itzurungo kantina eraberritzearen aldeko apustuan, aurtengo udararako aldaketa sakonak egingo dituela azaldu du. Horretarako 3 obra garrantzitsu eramango ditu aurrera: komun publikoak eta sukaldea eraberritzea eta kristalezko estalkiaren instalazioa, hain zuzen. Azken horren kasuan, gaur egun bertan dagoen toldoa kendu eta eremu horretan kristalezko itxiera jarriko du Udalak. Lan horiei esker, kantinaren itxura guztiz aldatu eta berritzeaz gain, bertako azpiegiturak ere hobetuko ditu.
Horrez gain, aldaketek kantina zerbitzua uda sasoiaz haratago luzatzea ere ahalbidetuko dute. Ildo horretatik, aurtengo pleguek, kantina zerbitzua ekainaren 15etik urriaren 31a arte zabalik mantentzea jasotzen dute.
Neurri eta aldaketa horiekin hondartza denboraldiaz haratago enplegu egonkorra sustatzea da Udalaren helburua, baita kantinako erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzea ere.
Gauzak horrela, aurtengo udan kantina zerbitzua kudeatzeko interesa dutenek, maiatzaren 3a arte aurkeztu ahal izango dituzte haien proposamenak.
Amaitzeko, Udalak gogorarazi nahi du, interesa duen orok informazio gehiago eskuratu ahal izango duela udaletxean bertan.



