Aurtengo udan iaz baino mila bisitari gehiago izan dira Algorri Interpretazio Zentroan
Arduradunek “oso positibotzat” jo dute aurtengo udako balantzea. Ikasturtean zehar ere, urtetik urtera "gero eta ikasle-talde gehiagoren bisita" izaten dutela aipatu dute.
Algorri Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroak 2010eko udararen bukaeran egiten duen balantzea “oso positiboa da, iazko udaran baino 1.000 bisitari gehiago izan baitira". Arrakasta handiena izan duten irteerak Zumaiatik Debara itsasontzi gidatua eta irteera geologikoa izan direla aipatu dute.
"Ikasturtean zehar ere, urtetik urtera gero eta ikasle irakasle talde gehiago etortzen dira zentrora: joan den urteko datuekin alderatuz, 2010ean ikasle kopurua %42an areagotu da ekaina bitartean eta bisitari kopurua berriz %40an igo da. Azpimarratu behar da 2009-2010 ikasturtean heziketa eskaintza zabaldu eta unitate didaktiko berriak sortu zirela", azaldu dute Algorriko arduradunek.
Unitate horien bidez Zumaiako geologia aztertzeaz gain, herrian aurki daitezkeen ekosistema natural ezberdinak lantzeko aukera ematen da; hala nola, Biotopo Babestua izendatu den marearteko zabalgunea eta Batasuneko Garrantzizko Lekua osatzen duten Urola itsadarreko ekosistemak.
Unitate didaktikoek ibilaldi zein tailer ezberdinak burutzeko aukera zabala eskaintzen dute. Era berean, heziketa eskaintza 6 - 18 urte bitarteko ikasleei zuzentzen da. "Horren ondorioz, zentroaren eskaintza aberastu egin da eta bertaratzen diren ikasle taldeak modu nabarmenean handitu dira. Lehen Hezkuntzako ikasleen igoera handia izan da eta, bereziki, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako fosilen tailerra jarduerak oso harrera ona izan du", esan dutenez.
Irailetik aurrerako ordutegia
Irailetik aurrera honako ordutegia izango dugu Algorri Interpretazio zentroan:
Asteartetik ostiralera, 10:00-13:30 // 16:00-18:30
Larunbatetan, 10:00-13:30 // 16:00-19:30
Igande eta jai egunetan, 10:00-13:30
Astelehenak itxita
Algorriko blog-ean ekintza guztien berri izateko aukera ematen da: http://algorrizumaia.blogspot.com. Zentroarekin harremanetan jartzeko 943 143100 telefono zenbakira deitu edo algorri@zumaia.net helbide elektronikora idatzi daiteke. Zumaiako inguru naturalak ezagutzeko aukera duzu, probetxua atera eta zatoz naturaz gozatzera!



