Auzoetako bileren ostean, datorren astean, herrian beste bi bilera aurrekontuak osatzeko
Datorren asteartean (abenduak 10) eta asteazkenean (abenduak 11), herrian beste bi bilera egingo ditu Udal Gobernuak. Lehena, Brankan, 19:00etatik aurrera izango da, eta, bigarrena, Alondegian, hori ere 19:00etatik aurrera.
2014. urteko herri-aurrekontuak herritarren beharrak eta ekarpenak ezagutu eta bilduta osatu nahi ditu, aurtengoan ere, aurrekontuak Udal Gobernuak. Hori dela eta, azken aste honetan Artadi, Oikia eta Narruondo auzoetan izan dira Udal Gobernuko kideak. Bertatik bertara auzoen beharrak eta arazoak ezagutu eta irtenbidea bilatzea da helburua. Egindako hiru bileretan, orokorrean, auzoa hobetzeko kontu txikiak aipatu dira. Zenbaitetan Udalak arazoa ahal bezain pronto konpontzeko neurriak hartu ditu. Beste zenbait konponketa edo proiektu gauzatzeko, berriz, azterketak egin, aurrekontuan sartu, edo beste erakunde batzuekin jarri behar du harremanetan, eta horretako konpromisoa ere hartu du.
Bilerak, giro onean joan dira, eta Udalak auzotarrek elkarlanerako azaldutako prestutasuna eskertu nahi du. Udal Gobernuaren ustez, hori baita bidea; herritarrekin elkarlanean eraikitzea.
Bilerak herrian
Datorren astean, herrian egingo dira bilerak. Lehena, asteartean izango da Brankan, 19:00etatik aurrera. Bertan, Gernika parketik Puntanuetara bitarteko bizilagunekin elkartuko da Udal Gobernua. Bilera horretan ere, eremu hori hobetzeko ekarpenak eta iritziak jaso nahi dira. Asteazkenean, 19:00etatik aurrera Alondegiko Oxford aretoan elkartuko dira Udal Gobernuko kideak Paroletik zubi txikira arteko bizilagunekin.
Bi bilera horietaz gain, arlokako mahai edo foroetan ere landuko dira aurrekontuak. Beraz, animatu eta hartu parte Zumaia zure ekarpenen bidez eraikitzen.
Buzoiak
Bileretara joan ezin dutenentzat, edo bileretan ekarpenak plazaratzen hausartzen ez direnentzat, ekarpenak jasotzeko buzoiak jarri dira kiroldegian, udaletxean eta Alondegian. Horretaz gain, nahiago duenarentzat zumaiaeraikitzen@zumaiakoudala.net helbidera ere idatzi dezakete.



