Auzotarrek eskatu bezala, oinezkoentzat lekua eta Plan Berezia

2012/01/25

Oinezkoentzako pasabide bat egokitu da, auzotarrek egindako eskaerei erantzuteko. Udalak auzoko Plan Berezia gauzatzeko eman beharreko pausoak ere auzotarrekin adostu nahi ditu.

 

San Joseko auzotarren eskaerei erantzunez, Zumaiako Udalak auzoko errepidearen alde batean baranda batzuk jarri ditu, horrela oinezkoentzat pasabidea errepidetik banatu da. Zehazki, San Jose kaleak eta Odieta kaleak bat egiten duten bidegurutzetik gorako tartean jarri dira barandak. Horrela, errepidearen ertz batean oinezkoentzako pasabidea egokitu da.

 

Oinezkoentzako pasabide hori ez da auzo horretako beharrei eta eskariei erantzunez egingo den gauza bakarra. Izan ere, 2011 urtearen bukaeran atera zen lehiaketara Plan Bereziaren idazketa, eta dagoeneko Plan Bereziaren zirriborroa eskuartean du. Plan hori zatika burutuko da, eta aurten plan horren pausorik garrantzitsuenak adostu nahi dira, auzotarrekin elkarlanean. Horren ostean, adosturikoa plenoak bere egitea nahi da, horrela datozen urteetan burutu beharreko antolaketa eta hiritartzean eman beharreko eta burutu beharreko pausoak zehazteko.

 

Mugikortasun iraunkorraren alde

 

Azken urteotan mugikortasun iraunkorraren eta jasangarritasunaren alde apustu sendoa egin du Zumaiako Udalak, eta hemendik aurrera ere norabide berean egingo du lan.