AZAROAK 20, HAUR ETA NERABEEN ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

2016/11/20

Azaroak 20, Haurren eta Nerabeen Nazioarteko eguna denez, harekin bat egin nahi dugu eta, Nazio Batuek onartutako Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmenak (HEH) dioen moduan, adierazi eta agerian jarri nahi dugu eskubideak dituzten pertsonak direla.

Gipuzkoako haurrentzako eta nerabeentzako zerbitzuen sarea osatzen dugunok, zinez uste dugu haurrek eta nerabeek aisialdirako, jolaserako eta ekintza kulturaletan eta artistikoetan parte hartzeko eskubidea dutela, eta hori bermatzeko lan egiten dugu.  Baina badituzte oinarrizkoagoak diren beste eskubide batzuk ere; eta egun berezi honetan, gogora ekarri eta beraientzat aldarrikatzen ditugu:             

  • Diskriminaziorik eza: haur eta nerabe guztiek eskubide berdinak dituzte.
  • Haurren eta nerabeen interes gorena:haurrengan eta nerabeengan eragina izan dezakeen edozein erabakik, legek edo politikak kontuan izan behar du beraientzat onena zer den.
  • Bizitzeko, biziraupenerako eta garapenerako eskubidea dute: haur eta nerabe guztiek eskubidea dute bizitzeko eta garapen egokia izateko.
  • Parte hartzea: adingabekoek eskubidea dute beraiengan eragina izan dezakeen edozein gairen inguruan kontsultatuak izateko eta beraien iritziak kontuan hartuak izateko.

HEH onartu zenetik igarotako urte hauetan guztietan lorpenak handiak izan arren, adingabeen eskubideak betetzeari dagokionez, oraindik erronka asko eta handiak ditugu guztiok; badugu zeregina.

Gipuzkoako haur eta nerabe guztiek dute eskubidea bere herriko udal-Haurtxoko eta udal-Gaztelekuetan haien autonomia garatzeko eta ondo pasatzeko. Zerbitzu hauek haien espazioak dira; bertan lagun berriak ezagutu eta baloreak lantzen dituzte, baita jolastu eta dibertitu ere.

Gipuzkoan 47 haurtxoko eta 44 gazteleku publiko daude. Lurralde osoan aurki daitezke, doakoak eta publikoak dira eta, guztira, 200 hezitzaile baino gehiago ari dira bertan lanean.

Gipuzkoako haurtxoko eta gazteleku publikoek osatzen duten sareak bat egiten du haurren eta nerabeen Nazioarteko Eskubideen Hitzarmenarekin eta, Azaroaren 20a Haurren eta Nerabeen Nazioarteko eguna, oinarri hartuta,  adierazi eta agerian jarri nahi dugu gure zerbitzuetako protagonistak direla eta hainbat eskubide bermatzen direla bertan:  diskriminaziorik eza, haurren eta nerabeen interes gorena, bizitzeko, biziraupenerako eta garapenerako eskubidea...

Besteak beste, aniztasuna, berdintasuna, askatasuna eta jolas pedagogikoak ditugu oinarri eguneroko lanean.

 

 

 

Haurren Eskubideei Buruzko Hitzarmena 1989ko Azaroaren 20koa by Zumaiako Udala on Scribd