Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna
Zumaiako Udalaren adierazpena.
Aurten ere, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, indarkeria sinboliko, leun, maltzur eta ia ikusezin horretan jarri nahi dugu arreta, zeinaren gainean eraikitzen baita emakumeen identitatea eta, era berean, emakumeen aurkako indarkeria fisikoa ahalbidetzen baitu.
Indarkeria sinboliko hori ideia okerretan oinarritzen da, baina ideia horiek oso zabalduta daude eta naturaltzat hartzen dira; esate baterako, ordu eta leku jakin batzuetan emakume izatea arriskutsua dela; sexu-eraso bat baino ezer larriagorik ez dagoela barneratzea baina emakumeak ezin direla eraso horietatik babestu; beldur izaten ikastea eta hauskor sentitzea, babestua izan beharra sentitzea, nahiz eta inork ez adierazi zeri edota nori izan behar zaion beldur; lotsatuta edo errudun sentitzea sexu-eraso bat jasan izanagatik edota tratu txarrak jasan izanagatik, eta nahiago izatea hori justifikatzea edo ukatzea, gaia onartu edo kritikatu beharrean; emakumeen sexu-askatasuna probokazio sexuala dela ulertzea, eta gizon batzuen jokaera erasotzaile potentziala justifikatzen duena uste izatea; edo pentsatzea bikote barruko kontrola eta jeloskortasuna maitasunaren parte direla, eta bikotea, saiatuz gero, maitasunagatik aldatu daitekeela.
Hori guztiori dela eta, urte osoan zehar jarri behar dugu arreta gure udalerriko nerabe eta gazteengan, baina are gehiago, estrategikoki, egun hau hurbiltzean, 2009an egin genuen bezala. Modu horretan, indarkeriaren formarik leun, naturalizatu eta sozialki onartuenak ezagutu ditzaten, eta horren aurrean hain hauskorrak izan ez daitezen.
Udal honek aukera eman behar du emakumeak zenbait tresnaz jabetzeko, gaitz hori prebenitzeko eta nork bere burua defendatzeko. Borondate hori gure udalerrietako eskakizun inperatibo bihurtu beharko litzateke.
Modu horretan, gazteei zuzeneko indarkeria fisikoa prebenitzen lagunduko diegu, baina, gainera, agente aktiboak izatera animatuko ditugu, emakumeenganako edozein indarkeria mota errefusatu dezaten eta horren aurka modu indibidual zein kolektiboan egiteko estrategiak izan ditzaten.
Horren guztiaren jakitun, Udal honek konpromiso hau hartzen du: bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legedia aplikatuz, udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatzea berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka, eta arreta berezia jartzea emakume gazte eta nerabeek jasaten duten indarkeriarengan, modu eraginkorrean baliatu daitezen beldurrik
gabe bizitzeko eskubideaz eta indarkeriaren aurka defendatzeko aukeraz.
Komenigarria da urtean zehar zenbait ekimen abiaraztea. Horrela, emakumeen partaidetza aktiboarekin, beldurrari eta hauskortasunari aurre egiteko behar diren baliabideak jarriko dira beren esku, beren jabekuntza ahalbidetuz; era berean, gazteekin batera egin beharreko lana bultzatuko da, portaera sexistak prebenitzeko eta eraso matxisten aurrean jokaera aktiboa izan dezaten animatzeko.



