Azaroaren 28tik abenduaren 3ra izango da Euskararen Astea

2017/11/23

Euskararen Aholku Batzordearen babesarekin, era askotako ekintzak antolatu ditu Zumaiako Udalak Euskararen Asterako, azaroaren 28tik abenduaren 3ra bitartean: euskarazko filmak, emanaldiak, Julene Azpeitia literatur lehiaketaren sari banaketa…

Ekintza horien guztien artean, aurten ere azpimarratzekoak dira astebururako antolatutakoak. Larunbatean, hain zuzen, ZAPITIK ZAPIRA katea osatuko da Erribera kaletik Beheko plazaraino. Horretarako 12:00etan Ardantzabideko plazan elkartuko dira parte-hartzaileak eta, behin zapiak banatuta, trikitilarien laguntzarekin, katean joango dira  Beheko plazaraino. “Euskarak 365 egun” mezua zabalduko dute ondoren, argazkia atera, eta amaitzeko, salda eta mokadutxo bana eskainiko dute.

Igandean, Euskararen Egunean, Ibilaldi bat euskararen arrastoan hitzaldi ibiltaria egingo da, Imanol Azkueren gidaritzapean. Euskara ezkutatuta egon zen hainbat urtetan; 1960tik aurrera lekuak eta funtzioak irabazten hasi zen, zumaiarren eta herriko taldeen ekimenez (ikastola, udala, euskaltegia, bertso eskola...), eta ibilaldian horietako batzuk kokatu eta ezagutzeko aukera izango da. Arratsaldean, euskarazko filma eskainiko da haurrentzat.

Egitarauan azaltzen diren ekintzez gain, aurten ere egutegi bana banatuko zaie haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako 4. mailara arteko ikasleei. 2018ko egutegiak Zumaiako eleaniztasuna aztertzeko aukera emango du.

 

Egitaraua:

AZAROAK 28, ASTEARTEA

- 19:00etan, Aita Mari zineman, Inigo Garcia Agirrezabalagaren filma, zuzendariak berak aurkeztuta: Bi txirula. Sarrera doan.

AZAROAK 30, OSTEGUNA

- Arratsaldeko 19:00etan, Alondegian, Julene Azpeitia 30. ipuin lehiaketako sarien banaketa; ondoren, Petti eta Irati Jimenezen Nigan, ispilu batean bezala emanaldia.

ABENDUAK 2, LARUNBATA

- 12:00etan Ardantzabideko plazan elkartu, zapiak banatu eta trikitilariekin batera ZAPITIK ZAPIRA katea Beheko plazaraino

- Ondoren, “Euskarak 365 egun” mezua eta argazkia.

- Amaitzeko, denentzat salda eta mokadutxoa.

 ABENDUAK 3, IGANDEA

- 11:00etan Kofradiatik abiatuta Ibilaldi bat euskararen arrastoan, Imanol Azkuerekin.

- 16:30ean, Aita Mari zineman, euskarazko filma haurrentzat: Ardiak eta otsoak.