Azaroaren 3an izango da aurrekontu herritarren prozesuko eragileen bilera
Udalak herritarren ekarpenekin osatu nahi ditu 2011rako udal aurrekontuak eta hori dela-eta, herriko eragile desberdinetako kideek ekarpenak egin ahal izateko bilera egingo da.
2011ko ekitaldiari begira, dagoeneko abian da ‘Parte-hartzean oinarritutako aurrekontuen prozesua’. Joan den astean egin zen auzoetako bizilagunekin bilera eta hainbat ekarpen jaso ziren bilera hartatik. Horien artean, gazteentzako lokalak eta asteburuetarako ekintzak, baratze-lurrak egokitzea, ortu ekologikoa martxan jartzea, Mugi bizikleta-zerbitzua hondartzetan ezartzea, Zumaiako kaleetako hainbat konponketa eta berriztapen etab.
Orain, herriko eragileen txanda izango da. Azaroaren 3an elkartuko dira herriko taldeetan dabiltzan herritarrak eta udaletxean egingo dute bilera, 19:00etan hasita. Aurten eragile guztiak bilera bakarrean elkartuko dira. Elhuyar Aholkularitzak gidatuta, talde txikitan banatuko dira eta ondoren, bileraren amaieran, bateratu egingo dituzte batzuen eta besteen proposamenak.
Parte-hartzearen aldeko urratsak
Udalak eragile guztiak gonbidatu ditu bileretan parte hartzera eta ekarpenak egitera. Izan ere, azken bi urteotan, auzo guztietako pertsonek parte hartu zuten, baita arlo eta talde desberdinetakoak ere eta, nola ez, udal teknikari eta politikariek. Guztien arteko elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketaren bidez, “Zumaian parte-hartzearen eta eraikuntza kolektiboaren bidean urratsak eman ziren eta, aurten, ildo beretik jarraitu nahi dugu”, azaldu dute Udaleko ordezkariek.
Sare sozialak martxan
Auzokako eta arlokako bilerez gain, aurten lehen aldiz sare sozialak erabiltzen ari da Udala prozesuan zehar. Gazteenen parte-hartzea sustatu nahi da honekin eta hala, facebooken prozesuaren inguruko perfila sortuko da. Horrekin batera, aurten ere Udalaren webgunearen bidez ekarpenak egin edota informazioa kontsultatzeko aukera eskainiko da. Atala kontsultatzeko sakatu hemen.
Arlokako bilera: azaroaren 3an, 19:00etan Udaletxean.
Ondorengo arloetan dabiltzan eragileak elkartuko dira: Gizarte zerbitzuak, Kirola, Kultura, Merkataritza, Euskara, Hezkuntza, Hirigintza, Ingurumena eta Turismoa.



