Azken asteburuotan gertatutako ekintza bandalikoak salatu ditu Udalak

2018/10/26

Horren harira erantzunkidetasunez eta arduraz jokatzeko eskatu du Udalak, espazio publiko zein pribatuak errespetatuz.

Azken bi asteotan eta bereziki asteburuetan hainbat ekintza bandaliko egin dira herrian, besteak beste belaontziak askatu eta eraso, Saregile plazako loreak kendu, hiri altzariak apurtu edota, azkena, Itzurungo hondartzan, ezkerraldeko jaitsieran dagoen egurrezko hesolez egindako egitura margotu.

Egoera horren aurrean, Udalak gertakari horiek guztiak gaitzetsi ditu eta horren harira, elkarbizitzaren alde eginez, erantzunkidetasunez eta arduraz jokatzea eskatu du, guztionak diren espazio publikoak eta noski, baita ondare zein espazio pribatuak ere, errespetatuak izan daitezen.