Azken bi asteotan hainbat edukiontzik su hartu dute Zumaian

2020/01/21

Sute horiek guztiek elkarren arteko harremanik ez dutela uste du Udaltzaingoak. Dirudienez, horietako batzuk nahita eragindakoak izan dira eta besteak istripuz gertatutakoak.

Larunbat gauean, 22:00ak aldera Foronda jauregiaren inguruan piztutako su txiki bat itzali behar izan zuten suhiltzaileek. Beranduago, igande goizaldean, 6:00ak aldera, Zuloaga plazako hiru edukiontzik su hartu zuten. Ertzaintza eta Udaltzaingoaren arabera, nahita piztu zituzten bi suak baina egile ezberdinek eragindakoak izan ziren.

Lehen sute txiki horren ostean, 00:00ak aldera, adin-txikiko batzuk identifikatu zituen Ertzaintzak, gertaerekin zerikusia izan zezaketela susmatuta. Bigarren suteari dagokionez, poliziek ez zuten inor identifikatu.

Identifikatutakoak adin-txikikoak izanik, Udalaren izenean hezkuntza komunitatearekin batera gaztetxoak honelako jokaerek duten larritasunaz jabetzeko lanketa bat abiatzeko asmoa adierazi dute.

Beste hainbat sute txiki

Urtarrileko bigarren astean beste bi sute txiki piztu ziren herrian. Urtarrilaren 12an Juan Belmonte kalean edukiontzi batek su hartu zuen, eta bi egun beranduago, Amaia plazan. Urtarrilaren 12ko sutearen kasuan, aldamenean zegoen auto batek kalteak izan zituen. Kasu horietan, sutearen jatorriaren arrazoia ez dago argi polizien arabera.

Sute guzti hauek elkarren arteko harremanik ez dutela uste du Udaltzaingoak. Dirudienez, horietako batzuk nahita eragindakoak izan dira eta besteak istripuz gertatutakoak.

Urola Kostako Udal Elkartea gertaera hauek eragindako galera ekonomikoa aztertzen ari da. Halako ekintzek sortzen duten kalte ekonomikoa azpimarratu du, baita herritarren segurtasunarentzat dakarten arriskua ere. Udal Elkartea ere lanean ari da horrelako ekintzak ekiditeko neurriak hartzeko.