Azken egunetan TAOaren inguruan sortutako nahasmenari lotutako argibideak

2016/12/29
Udalak argi utzi nahi izan du zumaiarrek etxeetan jaso duten TAO sistemaren inguruko proposamena ez dela Udalak egindakoa. Zumaiako Udalak TAO sistema ezartzeko ordenantza martxorako prest izatea aurreikusten du.

Gaur egun TAOaren gaia herritarren egunerokotasunari zuzenki eragiten dion gaia dela kontuan izanik, Zumaiako Udalak lehentasuna eman dio herriko aparkalekua arautzeari. Horretarako, herritarrekin dagoeneko partekatu duen proposamena 2017rako martxan jarri nahi duela adierazi du eta hori betetze aldera etengabe dihardu lanean.

Azken egunetan, baina, zumaiarren etxeetara iritsi den eskuorri batek nahasmena sortu du eta pertsona ugari hurbildu dira udaletxera argibide bila. Horregatik, Udalak argi utzi nahi du proposamen hori ez dela Udalak landutakoa ezta 2017an ezarriko den sistemari dagokiona ere.

Azken urteetan Zumaian turismoak izan duen gorakadak onurak ekarri dizkio herriari, baina gorakada horrek, ordea, eragin zuzena izan du aparkalekuan. Gai horrek lanketa sakona eskatzen du eta Udalak hasieratik ezinbestekotzat jo du udal teknikari zein udaltzain buruaren, enpresa espezializatuen eta bereziki herritarren ekarpenak ezagutzea eta kontuan izatea, guztion artean, alderdikerien gainetik, egungo egoerari erantzun egokiena emateko. Horretarako, egungo egoera hobetzera bideratutako kontu saila jaso du aurrekontuetan eta martxorako betiere egoiliarrak lehenetsiko dituen ordenantza prest izatea aurrikusten du.

Lehen fasea, Ardantzabide eremuaren ordenamendua, alegia, dagoeneko onartu da ordenantza bidez. Bertako bizilagunek  2017tik aurrera egoiliar txartela lortu ahal izango dute auzoan aparkatu ahal izateko, betiere, aurrez ezarritako baldintzak betetzen badituzte. 

Halaber, orain arte egin bezala, sistemaren inguruko informazio guztia herritarrei modu argi eta zuzenean helarazten jarrituko duela adierazi du Udalak. Dagoeneko hainbat bilera egin ditu zumaiarrekin eta horietan Udalak aurkeztutako proposamen eta zirriborroek harrera ona izan dute. Ildo horretatik, guztion iritzia aintzat hartzen jarraituko duela adierazi du Udalak, izan ere, azken egunotako nahasmenak are argiago utzi baitu aparkalekuaren gaiak herritarrentzat duen garrantzia.