Azken hiru urteotan bezala, segurtasun neurriak indartuko dira Santelmoetan

2019/04/26

Festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko da eta Ertzaintzaren pertsonala ere indartu egingo da.

Pazko astea bukatzear dugun honetan, Santelmoei ongietorria ematera goaz eta bihartik aurrera jaietan murgilduko da Zumaia bi asteburutan.

Azken 3 urteotan egin bezala, jaietan zumaiarren segurtasun eta ongizatea lehenetsi eta bermatze aldera, aurten ere, festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko dela adierazi du Udalak, zehazki hilaren 26an, 27an eta 28an eta baita jaien bigarren asteburuan ere, hau da, 3an eta 4ean.

Horri lotuta, Ertzaintzaren pertsonala ere indartuko dela jakinarazi du Udalak, horrela, elkarlanean, zaintza zerbitzua hobetu eta zumaiar ororen lasaitasuna eta segurtasuna bermatzeaz gain, puntu beltzei edota elkarbizitza oztopatzen duten egoerei aurre egin eta horiek ekiditeko.

Amaitzeko, Udalak jai egun alai, bizi eta zoriontsuak izatea opa die herritarrei, berdintasunean eta errespetuan oinarrituta, ekintzez gozatu eta Santelmoak elkarrekin giro onean disfrutatzeko.